13/13 epaiketa bertan behera uzteko eskatu dute ehunka lagunek

Epaiketarik ez (Argazkia: Irtenbidera 13/13).

Aste honetan berrekin diote 13/13 auziko epaiketari, Madrilgo Auzitegi Nazionalean. Euskal presoekin bitartekari lanak egin dituzten zazpi pertsona epaitzen ari dira ETAko kide izatea egotzita, eta guztira 77 urteko kartzela zigorra eskatzen du fiskalak haientzat. Epaiketa bertan behera uzteko eskatu dute ehunka lagunek gaur eguerdian, Donostian egindako manifestazio jendetsuan. Bulebarretik abiatu da martxa 13:30 inguruan, eta ehunka lagunek parte hartu dute.

Auzipetuen artetik lau ziren donostiarrak, baina horietako bat pasa den astean zendu zen: Juan Mari Jauregi Egiako bizilaguna eta ezker abertzaleko militante ezaguna. Uztailean Auzitegi Nazionalera joateaz salbuetsi zuten, hain justu, haren osasun egoeragatik. Nerea Redondo, Jon Enparantza eta Iker Sarriegi dira beste hiru auzipetuak. Hain zuzen ere, Jauregi gogoan izan dute manifestazioaren hasieran eta bukaeran.

Hona hemen Julen Zerainek auzipetuen izenean egindako adierazpenak:

Lehenik eta behin gaur hemen gurekin ez dagoen Juan Mari gogoratu nahi dugu. Gogoratu eta era berean salatu, ziur gaudelako Juan Mariren gaixotasunean 2010eko atxiloketak eta berak salatutako torturak, bai eta orain arteko auzibide luzeak, eragin zuzena izan duela konbentziturik gaudelako.

Gaur atentzioa jarri nahi dugu alderdi eta instituzio gehienak auziaren inguruan ematen ari diren hainbat gertaerekin izaten ari diren jarrera.

1.- Auzi honetan entzun ditugun lekukotza beldurgarriek ere lehen mailako erantzun politiko eta instituzional sendoa merezi dute. Beste edozein giza-eskubide urraketarekin gertatzen den bezalaxe. Ez dago isiltasunerako lekurik, baina auzi honetan berriz ere testigantza beldurgarrien aurrean alderdi eta erakundeak isilik gelditu dira, Joxe Arregiren heriotzatik 40 urte pasa diren honetan, Unai Romanoren argazki adierazgarria kaleratu zenetik 20 urte pasa diren honetan.

2.- Estatuaren estolderia guztia ageri-agerian gelditu da auzi honetan. Hori ez omen da lehen mailako arazo politikoa gure herrian. Ez da aski CNIren esku hartze ilegalak frogatu diren honetan? Ez da aski operazio bezperetan abokatuen bulegoetan gauez sartu zirela egiaztatu denean? Ez da aski operazioaren abiapuntu gisa hartutako hitzordua ez zela gertatu garbi gelditu denean? Ez da aski operazioaren burua Kepa Urra torturatzeagatik zigortu zutela dakigunean?

3.- Aieteko konferentzia egin eta ETAk bere jardun armatua amaitutzat eman zuela hamar urte bete direnean, oraindik ere indarrean jarraitzen dute salbuespen neurri gehienek. Gaur egunean oraindik ere Auzitegi Nazionala da edozein instituzioren gainetik egin edo desegin dezakeen tribunala. Baina horrek guztiak ez du hausnarketa minimo bat plazaratzeko beharrik sortzen.

Horregatik diogu, eta kezka handiz esaten dugu, 13/13 auziak gure bizitzengan izan dezakeen eraginaz gain, jokoan dagoena harago doan arazo politikoa dela, hain zuzen:

  • Gatazkaren ondorio guztiak bideratzeko gai ote garen,

  • Salbuespen neurri guztiak iraganean utzi eta euskal herritar guztien eskubideak bermatuz elkarbizitzarako

    esparru sendoak sortzeko gai ote garen,

  • Eta herri honetan proiektu politiko guztiak egingarriak izan daitezen agertoki demokratiko bat eraikitzeko gai

    ote garen.

Eta beraz, beste behin ere dei egiten diegu euskal herritarrei zuzenean inplikatu eta mobilizatu daitezen iraganeko agertokiak errepika ez daitezen.

HITZAkide HITZAkide