Altzako azken udalbatza omendu dute
Altzako Historia Mintegiaren eskaera bati jarraituz eta Ekialdeko Barrutiaren ekimenez, Donostiako Udalak Altzako azken udalbatzak —1931ko udal hauteskundeetan izan zen hautatua— egindako lana aitortzeko omenaldi ekitaldia egin du, Altzako hainbat herritarrekin eta eragilerekin batera. Larunbatean egin zuten omenaldia, Altzako udaletxe zaharrean, gaur egungo alkateordetzan, azken udalbatza hartako hainbat zinegotziren senideekin.
“Ekitaldi honen bidez, bai udalak bai Altzako herriak Altzako azken udalbatza hautetsiak, askatasunaren bidetik, bertako herritarren alde egindako lana aitortu nahi dut”, adierazi zuen Eneko Goia alkateak. Horrela, udaletxe zaharraren atearen ondoan udalbatza horretako hamabi zinegotzien omenezko plaka bat jarri zuten, eta senideei oroigarri bat eskaini zien udalak. Frankismoak kargugabetu zituen heinean, zinegotzi guztiek jasan zuten frankismoaren jazarpena, baina Pablo Landa izan zen hildako zinegotzi bakarra: miliziano ezkertiarrek hil zuten 1937an, Zallan. Hain zuzen, Landa familiaren partetik Mariasun Landa idazlea joan zen, Pablo Landa bere aitona baitzen; hala kontatu zuen Twitter sare sozialean:
1931-1937ko Altzako Udaletxe demokratikoari zor zitzaion aitortza egin zaio gaur. Aitona Pablo Landa zinegotzia izan zen, eta gero alkatordea. Hil zuten. Ez dakigu non dagoen. Nire aitortza ere amona Jazinta Jaka eta beste familia askori jasan behar izan zuten errepresiogatik. pic.twitter.com/9NgI8DU7iI
— Mariasun Landa (@malan49) September 11, 2021
Hauek izan ziren Espainiako II. Errepublikaren garaiko Altzako hamabi zinegotziak: Jose Juanes Etxebeste, Celestino Atorrasagasti Casares, Pedro Aiesta Zendoia, Jose Casares Larrarte, Pablo Landa Iribar, Ricardo Tejada Duque de Estrada, Felipe Zurutuza Kerejeta, Jose Iruretagoiena Kerejeta, Jose Manuel Beretarbide Aristizabal, Jose Manuel Sasiain Astiasuainzarra, Juan Iriarte Agirre eta Gaspar Cardona Guarinos. Altzaren alde lan handia egin zuen udalbatza horrek, eta horregatik omendu dituzte zinegotziak. Era berean, Altzako Historia Mintegiaren eta Ekialdeko Barrutiaren ekimenez, udalbatza horrek egindakoari buruzko dokumental bat egiten ari dira, eta Aranzadi Zientzia Elkartea ikerketa bat garatzen ari da, 36ko gerrako eta frankismo garaiko Altzako biktimak identifikatzeko, eta altzatar gisa katalogatzeko.
Hedabide honek luze eta zabal jorratu du Altzako azken udalbatzaren gaia, Altzako Historia Mintegiaren eta Ekialdeko Barrutiaren eskutik, eta joan den asteko astekarian argitaratu zuen erreportajea. Hemen klikatuta irakur dezakezue.