Arrobitxulo parkeko bolatoki berria estreinatu dute
Ekainean amaitu zituzten Herrerako Arrobitxulo parkeko bolatokiko lanak, eta asteburu honetan egin dute estreinaldi handia, bolo txapelketa bat egin baitute, Donostia Kulturak antolatuta. Donostiako ekialdeko auzoetan —Altzan, Herreran, Bidebietan eta Intxaurrondon— boloetan, tokan eta petankan jokatzeko tradizio handia izan da historikoki.
Larunbatean egin zuten txapelketa, eta emakumeen kategorian Bea Unzue izan zen garailea; 150 euroko saria eraman zuen etxera. Aitziber Makazaga izan zen bigarren sailkatua (125 euroko saria), Nekane Etxeberria hirugarrena (100 euroko saria), Garbiñe Alustiza laugarrena (75 euroko saria) eta Aitziber Ugalde bosgarrena (50 euroko saria). Gizonetan, aldiz, Ibon Miner atera zen irabazle, Txema Fernandez izan zen bigarren, Xabier Lazkano hirugarren, Joxe Mari Etxebeste laugarren eta Unai Gimenez bosgarren (sariak emakumeen kategorian banatu zituzten moduan banatu zituzten gizonezkoenean ere). Era berean, irabazle absolutua, bi kategorien artekoa alegia, Miner izan zen, eta beste 150 euro eta txapela eraman zituen etxera.
Bolatokia, aspaldiko aldarrikapena
Herritarrek 2019. urteko aurrekontu parte-hartzaileen bidez eskatutakoa da bolatokia eraikitzeko proiektua, 2010ean topoa egiteko lanen ondorioz inguruko hainbat kirol eremu kendu zituztelako. Horrela, Ekialdeko Barrutiak bideratu zuen eskaera, eta udalak bolatoki estalia eraiki du.