"Jaurlaritza ahalegintzen ari da metroaren lanek kaltetutako pertsonak isilarazten"
EH Bilduk salatu duenez, metroaren obrak egiten ari diren enpresek gutun bana bidali diete Zubieta eta Zarautz kaleetako bizilagunei, dirua eskainiz metroaren lanek eragindako kalteordain moduan, baita “eragin litzakeen” kalteak ordaintzeko ere. Ondorioz, EH Bilduk salatu du “Eusko Jaurlaritza ahalegintzen ari dela pasantearen lanek kaltetutako pertsonak isilarazten”.
“Zarautz hiribidean bizi den bizilagun bati emandako gutun bat publiko egin da azken egunetan. Gutun honen bidez, 1.100 euroko kalte-ordaina onartzera gonbidatzen dute, metroaren obrek bere etxebizitzan eragindako kalteengatik. Era berean, etorkizunean, kontu honengatik obraren arduradunei ezer gehiago ez erreklamatzeko exijitzen diete, ez aldi baterako enpresa-elkarteari ez eta Eusko Jaurlaritzari ere”, salatu du Garbiñe Alkiza EH Bilduko zinegotziak.
Easo Plazatik Kontxara egin asmo duten tunelaren zulaketa lanak abuztuan berrabiatu dituzte, eta aurretik zenbait kalte eragin dituzte lanek Zubieta kalean, zenbait zulo eraginez. 2019ko azaroan, Zarautz kalean luizi bat gertatu zen, eta adierazi zutenez, ez zuten metroaren lanek eragin, euriak baizik. Orain, ordea, baietz dirudi: “Metroaren obrek Zarautz hiribideko etxebizitzetan kalterik eragin ez badute, zergatik onartzen du orain ABEEk kaltetutako pertsonei milaka euro ematea?”.
ETSren jarduteko modua salatu du EH Bilduk: “Ez dakigu eraikuntza-enpresa pribatuen artean horrelako eskaerak ohikoak diren, baina EH Bildutik ezin dugu inola ere onartu ETS bezalako erakunde publiko bat, Eusko Jaurlaritzaren mende dagoena, jarduteko modu horretan sartuta egotea. Onartezina da herritarrei kalte-ordaina kobratzeko klausula hori sinatzera behartzea, are gehiago erakunde publiko baten aldetik. Erakunde publiko baten jardueraren ondorioz herritarrei gerta dakiekeenaren gaineko erantzukizuna ezin baita inola ere saihestu”.
Gutun horren inguruko azalpenak eskatu dizkiete Garbiñe Alkiza zinegotziak eta Unai Fernandez de Betoño legebiltzarkideak Donostiako Udalari eta Eusko Jaurlaritzari. Bestalde, Elkarrekin Donostiak galdetuko du zergatik ez dituen Udal Gobernuak urte hauetan Metroaren obren kaltetuak zaindu.
Hau da gutuna:
Satorralaia ere, kritiko
Satorralaiak Donostiako metroa salatzeko pankarta bat jarri du Urbieta eta Arrasate kaleak elkartzen diren izkinako eraikinean. “Metroari ez: behargabekoa, xahuketa, erokeria” lelopean. Metroaren tunelaren zulaketa-lanak abuztuan berrabiatu dituztela salatu zuen Satorralaiak abuztuaren 31ko manifestazioan, eta pankarta erraldoi bat ere jarri zuten Urgull mendian irailaren 3an.