"Udalak uko egin dio erreparazioaren alderdi sinbolikoaz harago jarduteari"
1936ko irailaren 13an, duela 85 urte, Donostian tropa frankistek hiria bere gain hartu zuten. “Beraien herriaren gizarte eta kultur garapenerako bizi baldintzak lortzeko borrokan ari ziren gizon eta emakume langileak” gogoan izan ditu gaur Genozidioaren Biktimen Elkarteak.
Arratsaldean omenaldi hunkigarria egin diete 1936ko gerran eta frankismoan erailak eta desagerraraziak izan ziren donostiarrei, Goikoa jauregiaren aurrean. Adin guztietako herritarrak gerturatu dira, eta musika artean, lore eskaintza egin dute herritarrek. Aurresku baten bidez omendu dituzte biktimak.
Genozidioaren Biktimen Elkarteak salatu du Donostiako Udalak “uko” egin diola “erreparazioaren alderdi sinbolikoaz harago jarduteari”, eta honakoa helarazi diote: “Gure elkarteak lan proposamen zehatza bidali dio Eneko Goia alkateari, udala epailetzan aurkez dadin, 1936ko militar kolpistek gure hirian egindako krimenengatik kereila bat jartzeko. Hori izango litzateke lehen urrats eraginkorra, ahanzturan oinarritu duten 85 urteko politika publikoak gainditzeko, eta gure herriak jasandako eskubide urraketa guztiak aitortzeko neurri integralak ezar daitezen”.
Donostiako Udalak, LAB sindikatuak, eta CNT sindikatuak ere omenaldiak egin dituzte gaur.
Hona hemen Genozidioaren Biktimen Elkarteak antolatutako omenaldiak utzitako zenbait irudi: