Zinemaldi Alternatiboak zinema kalera aterako du sei egunetan
Ostiralean abiatuko da 13. Zinemaldi Alternatiboa (8 + 5). Sei eguneko egitaraua prestatu dute antolatzaileek, eta emanaldi guztiak aire librean izango dira, 20:00etan. Aurtengo berrikuntza nagusia saio guztiak kalean antolatutako proiekzioak izango direla. Auzo hainbatetan izango dira, eta hurrengo urteetan sakontzeko bide bat hautatu dutela diote.
- Irailak 17, ostirala: Sin Tu Permiso dokumentala, Antiguako Txantxarreka gaztetxearen terrazan. Ondoren, solasaldia.
- Irailak 18, larunbata: Rame pour ta planète dokumentala, Saguesko frontoian. Ondoren, solasaldia Sabina Hourcade zuzendariarekin eta Antondegi Berdea plataformako kideekin. Marruma Kulturalak-en eskutik.
- Irailak 23, osteguna: Nosotras, mujeres de Euskalduna dokumentala, Saguesko frontoian. Ondoren, solasaldia eta Bitsa fanzinearen aurkezpena. Groseko Asanblada Feministaren eskutik.
- Irailak 24, ostirala: Tijera contra Papel dokumentala, Intxaurrondoko Letaman gaztetxeko terrazan. Aurkezpena Piztu Donostiako kideekin.
- Irailak 25, larunbata: Africa en Cinecicleta dokumentalaren aurkezpen berezia, Trinitate Plazan. Ondoren, solasaldia Juan Zavala zuzendariarekin, eta Carmelo Lopez eta Isabel Segura egileekin. Sorkuntza Txokoaren eskutik.
- Irailak 26, igandea: Ez, eskerrik asko dokumentala, Egiako Gladys Enean. Ondoren, solasaldia Bertha Gaztelumendi eta Sabino Ormazabal zuzendariekin.
Horrez gain, Zinemaldi Alternatiboak Johnny Depp aktoreak jasoko duen Donostia Sariaren inguruko hausnarketa plazaratu du:
“Donostiako Zinemaldiak (eta beraz bere patronatua osatzen duten Donostiako Udalak, Gipuzkoako Aldundiak, Eusko Jaurlaritzak eta Espainiako Kultur Ministerioak) sari bat ematea erabaki dute indarkeria matxista leporatu zaion aktore bati. Are larriagoa da emakume aktoreek erabakia kritikatu ostean Josu Luis Rebordinos Zinemaldiko zuzendariak eginiko adierazpenak. Barkamena eskatu eta erabakia zalantzan jarri beharrean, bere gizontasuna puri-purian adierazi zueen “zinema jaialdi baten funtzioa ez dela industriako kideen jokabideak epaitzea”. CIMA emakumezko zinemagile espainiarren elkarteak adierazi zuen bezala, “oso leku txarrean uzten du jaialdia eta bere zuzendaritza, eta mezu beldurgarria helarazten dio gizarteari: ‘Aktore ona bazara, bost axola tratu txarrak egin badituzu”. Penagarria. Arestian esan bezala, Zinemaldi Alternatiboaren helburuetako bat bizi ditugun egoeren aurrean gogoeta kritikoa eragitea da, eta, hain zuzen ere, horregatik aurtengo edizioan ez dugu aipagai dugun eztabaida alboratu nahi izan, eta gure ekarpen txikia egingo dugu Sin tú permiso edo Groseko Asanblada Feministaren eskutik proiektatuko dugun Nosotras, mujeres de Euskalduna dokumentalekin”.