31 autobus linearen ibilbidea ez murrizteko eskatu du EH Bilduk
Dbusek aldaketak egin ditu hainbat autobus lineetan, hiriko abidura muga berrien ondorioz; hain zuzen, hiriko bide gehienetako abiadura muga 30 kilometro ordukoa da maiatzetik. 31 Intxaurrondo-Ospitaleak-Altza linea da murrizketak izango dituen lineetako bat. Hain justu, Altzako eta Herrerako hainbat geltoki kentzea aurreikusten du Dbusek: Herrera 20, Herrera 42, Erroteta Behekoa, Santa Barbara, Altzako Anbulatorioa, Nerecan, Txapinene, San Martzial eta Martillun.
Altzako, Herrerako eta Intxaurrondoko hainbat elkarte horren aurka mobilizatzen hasi dira, baita EH Bildu ere. 31 autobus lineak egun eskaintzen duen zerbitzua edo haren parekoa izan daitekeena mantendu ahal izateko behar diren baliabideak ezartzeko eskatu du koalizio abertzaleak. Bestalde, Dbuseko lineei buruzko azterketa bat egiteko eskatu dio EH Bilduk udal gobernuari, “ekialdeko bizilagunen mugikortasun beharrak ezagutzeko eta izan ditzaketen arazoak konpondu ahal izateko”.