Euneiz unibertsitate pribatua diru publikoz ez finantzatzeko eskatu dute Ibaetako Campusean
EHUk 2021-2022 ikasturteko hasiera ekitaldia egin du Donostiako Ibaetako campusean eta gehiengo sindikalak, Ernaik eta Ikasle Kontseiluak mobilizazioa egin dute Carlos Santamaria eraikinaren aurrean. Besteak beste, Euneiz unibertsitate pribatua diru publikoarekin ez finantzatzeko eskatu dute “Euneiz unibertsitate elitista gelditu!” lelopean.
LABek, EHUrako finantziazio nahikoa eskatu eta langileen prekarizazioa eta diskriminazioa salatu ditu. Irakasle askok lanaldi partzialeko kontratuekin jarraitzen dutela eta 400-700 euroko soldatekin bizi direla azpimarratu dute. “Doktoretza aurreko ikertzaile askoren kasuan EHUk zor dizkien atzerapenak oraindik ez dituzte jaso” eta ikerketa egiten hasten direnentzan “lan-baldintza prekarioak” dituztela diote.
Bestalde, LABek salatu duenez, “EHUko Zuzendaritza 2020ko aurrekontuan izandako 3 miloiko defizita 2021ekoan “orekatzeko” prest dago, gastuak txikituz zehazteke dauden murrizketak eraginez”. Aldi berean, Eusko Jaurlaritza Euneiz unibertsitate pribatuari bide eman eta 12,5 miloiko dirulaguntza zuzezean luzatzeko prest dagoela mahaigaineratu dute.
Steilasek ere mobilizazioan parte hartzeko deialdia egin du eta “hezkuntza publikoak baliabideak behar dituela” eskatu dute, “Hezkuntza langileak eta ikastetxe publikoak arretarik gabe” daudela salatuz.