Garibai kaleko etxebizitza turistikoen inguruan galdetuko dio Elkarrekin Donostiak udalari
Elkarrekin Donostiak udalari galdetuko dio “ba ote duen planik hirian bizitegi erabilerarako etxebizitzen galera konpentsatzeko”. Izan ere, Donostiako Udalak Garibai kaleko Plan Berezia onartu zuen uztailean. Horrela, 23. zenbakiko eraikinaren erabilera aldatu dute etxebizitza turistikoak baimentzeko lehen solairutik seigarrenera. Beheko solairuak eta sotoak hirugarren sektoreko erabilera mantenduko du.
Aitzole Araneta bozeramaileak adierazi du proiektua aurrera atera dela nahiz eta duela gutxi Plan Orokorraren hirigintza arauak aldatu ziren eraikin oso bat hotel bihurtzea zailtzeko. “Egoera horrek etxebizitza horiek beren funtzio soziala betetzeari uztea eragingo du eta beste elementu bat gehituko da hirian etxebizitza eskuratzeko arazoan”, gehitu du Aranetak.