Zarautz kaleko bizilagunak kexu dira luizia jasan zuen maldaren egoeraz
EH Bilduk salatu duenez, metroaren obrak egiten ari diren enpresek gutun bana bidali diete Zubieta eta Zarautz kaleetako zenbait bizilagunei, dirua eskainiz metroaren lanek eragindako kalteordain moduan, baita “eragin litzakeen” kalteak ordaintzeko ere. Ondorioz, EH Bilduk salatu du “Eusko Jaurlaritza ahalegintzen ari dela metroaren lanek kaltetutako pertsonak isilarazten”.
2019ko azaroaren 19an lur-jausi bat gertatu zen Zarautz kalean. Zehazki, 31 eta 33 zenbakietako Lizarriturri etxeen atzeko mendi magaletik arroka eta lur puska handiak jausi ziren. Txosten teknikoaren arabera, euriak eragin zuen luizia. Hala ere, orain publiko egindako gutunak zalantzan jar dezake txosten teknikoak ateratako ondorioa. “Metroaren obrek Zarautz hiribideko etxebizitzetan kalterik eragin ez badute, zergatik onartzen du orain aldi baterako enpresa elkarteak kaltetutako pertsonei milaka euro ematea?”, galdetu du EH Bilduk.
Zarautz kaleko 33. zenbakiko bizilagun batekin izan da Irutxuloko Hitza: kexu da etxe atzeko maldaren egoeraz, eta salatu du Donostiako Udala sare metaliko bat jartzera mugatu zela. “Etxearen atzealdeko malda udalak konpontzea nahi dugu, txikituta dagoelako. Mendi hau Lizarriturri enpresarena zen, eta orain, Antiguo Berri higiezinen enpresarena da. Udalak dio ez dagokiola berari hau konpontzea, enpresari baizik. Luizia gertatu zenetik, berdin dago malda”, esan du bizilagunak. Gainera, adierazi du luiziaren ondorioz gasaren kontadorea dagoen armairua hautsi zela, eta bizilagunen komunitateak ordaindu behar izan zuela.
Zarautz kaleko 33.eko bizilagunak esan du ez duela gutunik jaso. Hala ere, aitortu du metroaren obrak egiten ari diren enpresek dirua eman dietela, bi kasutan: “Metroaren obrak hasi zirenean, fatxada mugitu zen eta zenbait pitzadura sortu ziren. Guk asko erreklamatu ondoren, ordaindu ziguten. Lur azpiko espropiazioarengatik ere dirua eman ziguten obrak hasi zituztenean. Luizia beranduagokoa da”.
Zarautz kaleko bizilagunarekin izateaz gain, Aizkorri eta Zubieta kaleko bizilagunekin izan da Irutxuloko Hitza, eta ostiraleko astekarian argitaratuko dugu metroaren lanek eragin dizkieten kalteei buruzko erreportaje zabala.