EH Bilduk salatu duenez, metroaren obrak egiten ari diren enpresek gutun bana bidali diete Zubieta eta Zarautz kaleetako zenbait bizilagunei, dirua eskainiz metroaren lanek eragindako kalteordain moduan, baita “eragin litzakeen” kalteak ordaintzeko ere. Ondorioz, EH Bilduk salatu du “Eusko Jaurlaritza ahalegintzen ari dela metroaren lanek kaltetutako pertsonak isilarazten”.
EH Bilduk “iluntasuna eta gardentasun eza” egotzi dio udalari: “Gutun polemikoak eta horiek sinatzeko bizilagunei egindako presioak publikoki ezagutu zirela egun batzuk igaro ondoren, obren arduradun politikoak ez dira oraindik gutun hauen edukitik eta erabilitako forma txarretatik desmarkatu. Eta are okerrago, EAJko eta PSEko kargu politikorik ez da oraindik atera kaltetutako herritarrak defendatzera”, adierazi dute.
Ondorioz, EH Bilduk premiazko interpelazioa erregistratu du, datorren asteleheneko Udal Batzordeetan aztertuko dena, “Eneko Goiak gutun hauekin ez duela bat egiten aitortzeko eta kaltetutako herritarrei babesa adierazteko”. EH Bilduren ustez, “gertatutakoa ikusita, Donostiako Udaleko arduradun nagusiak ezin du beste erantzunik eman”.
Zarautz, Aizkorri eta Zubieta kaleetako bizilagunekin izan da Irutxuloko Hitza, eta biharko astekarian argitaratuko dugu metroaren lanek eragin dizkieten kalteei buruzko erreportaje zabala.