Infernuko eraiste lanak berrartu dira etxebizitzak negu honetan eraikitzen hasteko
Infernuko hirigintza proiektuaren behin behineko aldaketa martxoan onartu zen, eta maiatzan Tokiko Gobernu Batzordeak hasierako onarpena eman zion. Infernuko Jarduketa Urbanizatzeko programak hain zuzen, eremu osoa birsortu eta birkalifikatuko du. Donostiako Udalak lanak urte amaiera baino lehen hasiko zirela aurreratu zuen, eta aste honetan, eraisketa lanak berrartu dituzte aurtengo neguan etxebizitzak eraikitzen hasteko.
Une honetan, Plasticas Oramil fabrika eraisten ari dira eta dagoeneko lau eraikin besterik ez dira geratzen zutik. Eraisketa lanak amaitzen dituztenean 540 etxebizitza eraikitzeko lanekin hasiko dira. Hirigintza eremu horretarako berezitako bi eremu aurreikusten dira. Alde batetik, erabilera tertziarioko eremua, Zuatzura eramaten duen Zubiberriko bidearekin lotuta, esparruaren hego ekialdeko muturrean. Bestetik, bizitegi eremua, erabilera tertziarioko gune berriaren eta egun dagoen kontzesionarioaren artean kokatutako lurretan. Bizitegi eremu honetan 540 etxebizitza aurreikusten dira, 270 babes publikokoak eta 270 etxebizitza libre.