Realak garaipen batekin debutatu nahi du Eindhovenen

reala Oiartzabal eta Le Normand, gol bat ospatzen. (Argazkia: Reala)

Iritsi da eguna: Realak gaur egingo du debuta 2021/2022 denboraldiko Europa ligan, Herbehereetako PSV taldearen aurka, Eindhovenen (21:30ean). Iazko Europa ligan multzoen fasea gainditu zuten txuri-urdinek, baina final-hamaseirenetan erori ziren, Manchester Uniteden aurka. Horregatik, iazkoa hobetzea bilatuko dute aurten donostiarrek, eta, horretarako, garrantzitsua da Herbehereetatik punturen batekin itzultzea.

Partida zail baten aurrean daude Imanol Alguacilen mutilak, Eredivisie ligako liderra baita PSV, orain arte ligan jokatu dituzten lau partidak irabazi ostean. Guztira, hamalau gol sartu dituzte dagoeneko ligan PSVkoek, eta hiru baino ez dizkiete sartu. Era berean, hainbat baja ditu Alguacilen taldeak: Ander Barrenetxea, Nacho Monreal, Diego Rico, Carlos Fernandez eta Jon Guridi baja ziurrak dira, eta baliteke Asier Illarramendi deialdian sartzea, baina oraindik goiz da mutrikuarra zelaian minutu askoz ikusi ahal izateko.

Roger Schmidt PSVko entrenatzaileak ere baja batzuk izango ditu: Ibrahim Sangarek, Davy Propperrek eta Maximiliano Romerok, esaterako, ziurrenik ezingo dute jokatu. Bestalde, Realaren aspaldiko ezagun batek jokatzen du PSVn: Brumak. 2015/2016 denboraldian utzita jokatu zuen klub txuri-urdinean.

Horrela, Alguacilek Cadizen aurka erabili zuenaren antzeko hamaikako bat zelairatuko duela aurreikus daiteke: Remiro; Zaldua, Aritz, Le Normand, Muñoz; Zubimendi, Silva, Merino; Januzaj, Oiartzabal eta Isak. PSVk, aldiz, honako hamaikakoa zelairatuko du ziurrenik: Drommel; Max, Obispo, Ramalho, Mwene; Boscagli, Van Ginkel; Gakpo, Gotze, Bruma eta Vinicius.

Gaurko norgehiagokaren ondoren, egutegi hau izango du Realak Europa ligako fase honetan:

  • 2. jardunaldia: Reala – Monako. Irailak 30 (18:45).
  • 3. jardunaldia: Sturm Graz – Reala. Urriak 21 (21:00).
  • 4. jardunaldia: Reala – Sturm Graz. Azaroak 4 (18:45).
  • 5. jardunaldia: Monaco – Reala. Azaroak 25 (21:00).
  • 6. jardunaldia: Reala – PSV Eindhoven. Abenduak 9 (18:45).
HITZAkide HITZAkide