2019an Zarautz kalean gertatutako luizia euriak eragin zuen, edo metroak?
Zarautz, Zubieta eta Aizkorri kaleko bizilagunekin izan da Irutxuloko Hitza, metroaren lanek eragiten dizkien kalteei buruz galdetzeko. Zarautz kaleko luizia euriak eragin izana zalantzan jarri dute, eta lur-jausia jasan zuen mendiak egun duen egoera txarra salatu dute.
EH Bilduk salatu duenez, metroaren obrak egiten ari diren enpresek gutun bana bidali diete Zubieta eta Zarautz kaleetako zenbait bizilaguni, dirua eskainiz metroaren lanek eragindako kalteordain moduan, baita “eragin litzakeen” kalteak ordaintzeko ere. Ondorioz, EH Bilduk salatu du “Eusko Jaurlaritza ahalegintzen ari dela metroaren lanek kaltetutako pertsonak isilarazten”. Gutun horren inguruko azalpenak eskatu dizkie EH Bilduk Donostiako Udalari eta Eusko Jaurlaritzari. Galdera sorta bat aurkeztu dute Eusko Legebiltzarraren mahaiean.
Udalak eta ETS Euskal Trenbide Sareak ez dute adierazpenik eman nahi izan salaketa horren inguruan. Are, ETSk adierazi du Eusko Legebiltzarrean baino ez duela erantzungo. “Ez dugu gai honi buruz eztabaidatuko komunikabideen bitartez”, adierazi dute ETSkoek.
Gara egunkariak Zarautz kaleko bizilagun bat elkarrizketatu du, eta bizilagunak adierazi duenez, “presioa” jasan du gutun horretan adierazitakoa onartzeko. Hala ere, ez du hala egin.
Zarautz kaleko luiziaren jatorria, ezbaian
2019ko azaroaren 19an lur-jausi bat gertatu zen Zarautz kalean. Zehazki, 31 eta 33 zenbakietako Lizarriturri etxeen atzeko mendi magaletik arroka eta lur puska handiak jausi ziren. Era berean, bi etxabetan sartu zen lurra, eta horietan bizi ziren zazpi lagun aterarazi zituzten.
Udalak txosten tekniko bat eskatu zion orduan Ikerlur enpresari, lur-jausia zerk eragin zuen argitzeko. Txostenak adierazi zuen luizia euriteek eragindakoa zela: “Ezin da loturarik egin metroko lurrazpiko lanen eta lur-jausiaren artean”, gehitzen zuen. ETSk Prointec enpresari eskaturiko txostena hartu zuen oinarri gisa Ikerlur enpresak, metroko lanek lur-jausiarekin loturarik ez zutela ondorioztatzeko. Txosten hori udaleko teknikariek helarazi zieten. Hirigintza sailak egindako aurretiazko ikerketak ere euriteen hipotesia lehenesten zuen.
Hala ere, orain publiko egindako gutunak zalantzan jar dezake txosten teknikoak ateratako ondorioa. “Metroaren obrek Zarautz hiribideko etxebizitzetan kalterik eragin ez badute, zergatik onartzen du orain aldi baterako enpresa elkarteak kaltetutako pertsonei milaka euro ematea?”, galdetu du EH Bilduk.
Irutxuloko Hitza Zarautz kaleko 33.eko bizilagun batekin izan da. Kexu da etxe atzeko maldaren egoeraz, eta salatu du Donostiako Udala sare metaliko bat jartzera mugatu zela. “Etxearen atzealdeko malda udalak konpontzea nahi dugu, txikituta dagoelako. Mendi hau Lizarriturri enpresarena zen, eta orain, Antiguo Berri higiezinen enpresarena da. Udalak dio ez dagokiola berari hau konpontzea, enpresari baizik. Luizia gertatu zenetik, berdin dago malda”, esan du bizilagunak. Gainera, adierazi du luiziaren ondorioz gasaren kontadorea dagoen armairua hautsi zela, eta bizilagunen komunitateak ordaindu behar izan zuela.
Bizilagunak ez daki luizia zerk eragin zuen: “Guri esan ziguten euriagatik izan zela. Izan daiteke. Metroaren ahoa etxe azpitik igarotzen da, Bentaberriko geltokira iristeko. Iruditzen zait metroak eragin izan balu luizi handiagoa gertatuko zela. Orduan euri asko egin zuen, baina mendi hau euri gehiagorekin ere mantendu izan da. Hori ere egia da”.
Pitzadurak fatxadan
Zarautz kaleko 33.eko bizilagunak esan du ez duela gutunik jaso. Hala ere, aitortu du metroaren obrak egiten ari diren enpresek dirua eman dietela, bi kasutan: “Metroaren obrak hasi zirenean, fatxada mugitu zen eta zenbait pitzadura sortu ziren. Guk asko erreklamatu ondoren, ordaindu ziguten. Lur azpiko espropiazioarengatik ere dirua eman ziguten obrak hasi zituztenean. Luizia beranduagokoa da”.
Aizkorri kalean eragina izan dute metroaren lanek, bereziki lanen hasieran. Hala azaldu du bizilagun batek: “Dardara handia nabaritzen zen une oro, eta zarata oso handia. Hiru aste oso gogor izan ziren lo egiteko. Sistema elektrikoa eten egin zen, eta etxetresna elektriko asko matxuratu egin ziren”.
Metroaren lanak jasan dituzten beste bizilagun batzuk Zubieta kalekoak dira. Lurrean zuloak sortu izanak harrabotsa piztu du, baina etxe barruetan ere arazoak izan dira.
Zubieta kaleko 1. zenbakiko bizilagun batek adierazi du ez duela gutunik jaso, baina pitzadura larriak jasan dituztela: “Eraikin hau Artzain Onaren katedraleko dorrea egin zuen arkitekto berak eraiki zuen. Babestuta dago, 1906koa da, eta oso delikatua. Metroaren lanek pitzadura bertikal handi bat eragin zuen sukaldeetako patioan goitik beheraino, lurrean eta paretan”.
Oraindik ez dira metroaren lanak amaitu, eta Zubieta kaleko bizilagunak ez daki nolakoa izango den etorkizuna: “Ikusiko dugu zer gertatuko den: bizirik iraungo dugun, paraxut bat erosi beharko dugun…”.