Amara Berriko bizilagun bat kaleratze arriskuan dago
Kaleratzeak Stop plataformaren prentsaurreko bat, Donostian. (Argazkia: Mikel Elkoroberezibar Beloki) Kaleratzeak Stop, Alokairu eta Inquilinos Azora plataformek jakinarazi dutenez, Amara Berriko 70 urteko bizilagun bat, Ramona, kaleratze arriskuan dago. Azaldu dutenez, Coral-Homes putre funtsak ezarri du etxegabetze eskaera, hilaren 27ko 10:30erako. Ramonaren semeak zuen mailegu baten abala zen Amara Berriko etxebizitza, eta hipotekaren exekuzioaren ostean, Caixabank banketxeak enkante bidez adjudikatu zuen etxebizitza; hipotekaren bermea zen, alegia. Horren aurrean, aipatu plataformek Amara Berriko bizilagunaren egoeraren berri emateko prentsaurrekoa eskainiko dute asteartean, hilaren 21ean, Caixabankek Txurruka kalean duen egoitzaren aurrean, 11:00etan. Caixabanki zera eskatuko diote prentsaurrekoan: Coral-Homesekin beharrezkoa diren eginbeharrak egiteko, etxegabetzea bertan behera uzteko. Era berean, kaleratze eskaera hilaren 24an pasako da epaitegietatik, eta plataformek nabarmendu dute Coral-Homesek eskaera bertan behera uzten ez badu, “etxegabetzearen aurkako pikete publikoa” antolatuko dutela hilaren 27an bertan, Ramonaren etxebizitzaren aurrean.
Ramonare semeak, bere negozioa salbatzeko asmoz, beste mailegu bat eskatu zuen, eta Ramonak Pontevedran zuen beste etxebizitza bat jarri zuen berme gisa. Amak bere etxean bizitzen jarraitu ahal izan zezan, semeak alokairu kontratu bat sinatu zuen 2017ko azaroaren 29an Buildingcenter Caixabanken higiezinen agentziarekin, eta merkatuko prezioetan oinarrituta, 920 euroko errenta ezarri zioten Ramonari. “Errenta hori nekez ordaindu zezaketen, Ramonaren 689 euroko alarguntasun pentsio apalarekin eta semearen aldi baterako lanekin, 2019ko otsailera arte. Urte horretako uztailean, higiezinen agentziak Ramonaren etxebizitza uzteko demanda jarri zuen eta horren jabetza Coral Homesi transmititu zion”, azaldu dute plataformek.
Donostia etxegabetzerik gabeko hiria dela gogorarazi dute plataformek: “Donostiako Udalaren bitartekaritza izango dugula ziur gaude, 2015eko udazkenean banku eta inbertsio funtsek eskatutako etxegabetzerik gabeko hiria deklaratu baitzen, Ramonaren kasuan bezala”.

