Auzoa alaitzeko, Porrontxo Kulturalak
Uda honetan gainerako auzoek egin duten moduan, ez dira ohiko festak egingo Egian. Hala ere, egoerara egokituz, Porrontxo Kulturalak antolatu dituzte. Haur, gazte zein helduentzako ekitaldiak izango dira Plaza Haundin eta edukiera mugatua izango da.
Porrontxoetako Jai Batzordea maiatza amaieran hasi zen biltzen aurtengo jaiak prestatzeko asmotan. Garai bereziak dira, eta ez da lan erraza ekitaldiak baldintza hauetan antolatzea. Hala kontatu du Jai Batzordeko kide Miren Tardaguilak: «Hilabete arraroak izan dira, neurriak aldatzen joan dira eta ez genekien irailean zein egoeratan izango ginen».
Jai batzordeko kideak udalarekin bildu ziren eta gune bat hartu behar zutela eta edukiera mugatua izango zela esan zieten. «Gure jai herrikoien filosofiak ez du bat egiten edukiera mugatu eta jendea aukeratzearekin. Egoerara moldatzea oso zaila egin zaigu». Hala ere, Porrontxo Kulturalen aldeko apustua egin du auzoak. Ekainean batzar irekiak egiten hasi ziren auzoko kuadrillekin eta lau eguneko egitarau zabala atera dute aurrera.
Plaza Haundi da jaien ekitaldien gunea eta itxita egongo da bai goitik eta bai behetik. Sarrera eta irteerak kontrolatzeko txandak banatu dituzte kuadrillen artean eta 300 pertsonarentzako lekua izango da bertan. «Guneak terraza handi baten funtzionamendua izango du. Jendea sartzen denean mahaietan eseriko da eta zerbitzariak arituko dira tabernatik mahaietara gauzak eramaten».
Kuadrillen bazkarirako sarrera guztiak saldu dira dagoeneko. Gainerako ekitaldietarako, ordea, ez da sarrerarik behar, eta eserlekuak bete arte sartzeko aukera izango dute joaten direnek. Auzotarrak gogotsu eta festarako irrikaz nabaritzen dituzte, eta hortaz gain, gainerako auzoetakoak ere Porrontxotarako gogoz daudela dio Tardaguilak. Edukiera mugatuak, ordea, aurtengo ekitaldiak baldintzatuko ditu: «Pertsona guztiek ezingo dute gunera sartu, baina taberna eta komertzioak porrontxoen laguntzaileak izan dira beti eta jendeari haiengana joateko deia egin nahi diegu. Guretzat, bereziki auzoa alaitzea da garrantzitsuena». Auzotar guztiei modu batera edo bestera parte hartzeko deia egin diete, baina aldi berean, segurtasun neurriak kontuan hartzeko eta arduraz jokatzeko eskatu diete.
Jai herrikoien aldeko aldarrikapena
Atzo hasi ziren Porrontxo Kulturalak: haurrentzako tailer bat eta karaokea izan ziren plazan. Aldarrikapenerako tartea ere izan zen jai herrikoien aldeko manifestazioan. Datozen egunetarako ere beste hainbat jarduera antolatu dituzte. Gaur 20:00etan enduro lasterketa egingo dute, Aldapa kaletik hasita; bihar herri bazkaria egingo dute plazan, eta, ondoren, Andoni Ollokiegik bazkalosteko kafea girotuko du. DJ Bull-ek, berriz, musika jarriko du iluntzean. Etzi, herri kirolak izango dira, eta Hau Egia da! egitasmokoek kultur aniztasuna eta esku hartze komunitarioa bultzatzeko ekitaldi bat egingo dute 12:00etan.
Porrontxo Kulturalen egitarau osoa, hemen.