Lehen aldiaz eta orainaz gozatzen ari dira
Kontxako Bandera irabazita borobildu du denboraldia Donostia Arraun Lagunak-ek. Dena irabazi dute: liga, Gipuzkoako eta Euskadiko txapelketak, eta Kontxako estropada. Gainera, errekorra ezarri dute bi jardunaldietan. Txanparik onena hartu dute, eta, aurrera begira, hazten jarraitu nahi dute. Horretarako, Donostiako Udalarekin bilduko dira orain arte jaso ez duten babesa lortzeko.
Arraunaren historia liburuan letra larriz idatzi du izena Donostia Arraun Lagunak klubak. 2021eko Kontxako Bandera ez dute berehalakoan ahaztuko. Hasieratik bukaeraraino izan dira onenak. Sailkatze estropadan denborarik hoberena egin zuten, eta bi jardunaldietan onenak izan dira. Gainera, estropada eremuko errekorra hautsi zuten hilaren 5ean (10:31.62) eta 12an (10:33.56). Hori gutxi balitz, Kontxa irabazi duen Donostiako emakumezkoen lehen trainerua da, eta 71 urte luzeren ondoren etxean geratu da bandera –1950ean Esperanza elkartea izan zen Kontxa irabazi zuen azken ontzi donostiarra–.
Igandean bizitakoaz, denboraldiaz eta etorkizunaz hitz egiteko Irutxuloko Hitza Lugañenea baserrian izan da, Donostia Arraun Lagunak-en egoitzan. Hedabide honi harrera egin diote Itziar Eguren presidenteak, Juan Mari Etxabe entrenatzaileak, eta lau arraunlarik: Lorea Etxabe, Eztizen Duque, Eli Pescador eta Naiara Martinek. Batzuek sinetsi dute pasa den igandean lorturikoa, eta beste batzuek oraindik ez. Ospakizun eta harrera guztien artetik, tarte bat hartu dute aurtengo denboraldi ahaztezinaren balorazioa egiteko.
«Irabazi arte ez duzu sinesten. Ikusi dut itsasora sinetsita atera den jendea, eta ez irabaztean jasotako zaplaztekoa ikaragarria da. Guretzat hau dena berria zen, eta kluba babesteko burua hotz mantentzea erabaki nuen. Beste kide batzuek esaten zidaten zintzoegia nintzela eta sinesteko. Izan ere, urteko onenak izan gara», dio Egurenek. «Zarautzen liga irabazi genuenean hasi nintzen sinesten Kontxa geurea izan zitekeela. Oso urduri aritu ginen Zarauzko bi estropadetan. Baina zazpi egunetara Hondarribian jokaturiko estropadan erakutsitako mailaren ondoren, Kontxan geure burua txapeldun ikusi nuen», gaineratu du Juan Mari Etxabek.
Kontxa irabazteko asmoa, ordea, lehenago prestatzen hasi zirela aitortu du entrenatzaileak: «Aspalditik nuen burua lanpetuta Kontxa irabazteko. Talde sendoa genuela argi nuen, nahiz eta zalantza batzuk izan. Talde honi benetako errendimendua ateratzea zen nire kezka. Bilboko erlojuaren kontrakoan eta Santurtziko estropadan taldea errepikatu nuen. Arraunlariei esan nien estropada horien asteburua gorriz jarrita nuela». Eguren ere asteburu horretan konturatu zen entrenatzailea Kontxari begira lanean ari zela: «Gogoan dut Juan Marik kudeaketan aldaketa batzuk eskatu zizkidala. Hitz egin genuen, eta orduan jabetu nintzen Kontxa zuela buruan. Dena dela, arraunlariei ez nien ezer esan, harrotu ez zitezen». Azken asteetako entrenamenduetan ikusi zuen Juan Mari Etxabek Kontxa irabazteko aukera eskura zutela. «Askotan adierazi nien arraunlariei Kontxako Bandera irabaztea gure esku zegoela. Gure lana eginez gero argi nuen irabaziko genuela».
Lorea Etxabe eta Eztizen Duque arraunlariek «azken unera arte» ez zuten sinetsi Kontxa irabaz zezaketenik. «Helmuga pasa eta denak ospatzen ikustean konturatu nintzen irabazi genuela. Eta oraindik ez nuen sinesten. ‘Seguru irabazi dugula?’, galdetu nion Ane tosta-kideari, eta berak baietz. Negarrez hasi nintzen», azaldu du Lorea Etxabek. «Beste estropada batzuetan ikusi izan dut aurretik joanda irabaziko genuela. Baina Kontxako bigarren igandean neure buruari galdetu nion ea ametsa ala errealitatea zen bizitzen ari ginena. Kontxa irabazi genuela konturatu nintzenean, pentsatu nuen ikaragarria zela lorturikoa», adierazi du Duquek.
Buruz buruko lehia
Hilaren 12a egun erabakigarria izan zen. Donostia Arraun Lagunak-ek Oriorekiko ia bi segundoko (1.64) abantaila zuen. Bandera bien artean jokatuko zela argi zuten protagonistek. Goizean kale zozketa egin zuten udaletxean, eta han izan zen Eguren. «Jakin orduko bigarren kalea egokitu zitzaigula eta Oriori lehendabizikoa, entrenatzaileari eta gainerako teknikariei jakinarazi nien. Momentu hartatik egin beharreko estrategia pentsatzen hasi ziren». Bata bestearen alboan lehiatzea zen Donostia Arraun Lagunak-en nahia, eta horrela egokitu zen. «Bigarren kalea nahiago genuen lehena baino. Hori bai, banekien Oriok lehen kaletik irteera ona egingo zuela, eta arraunlariei esan nien. Burua hotz mantendu behar da horrelakoetan, ziurrenik aurretik jarriko zirelako. Lehen luzean eusteko eskatu nien, ziabogara iristerakoan Oriorekiko desabantaila ahalik eta txikiena izan zedin. Hori lortu genuen, eta kanpoko ziabogan maniobra egiterakoan bandera gurea zela pentsatu nuen», dio Juan Mari Etxabek.
Alderdi Ederreko epaileen eta arraun taldeen ordezkarien gunean zegoen Eguren. Tentsio handiko estropada izan zela aitortu du: «Telebistari kosta zitzaion erakustea GPSa eta traineruen kokapena estropada eremuan. Bigarren kaleari eustea ezinbestekoa zen guretzat, eta estrategia horren alde egin zuen taldeak. Oriokoak urduri ikusi nituen, ez zutelako gu aurreratzea lortu. Urduritasun hori seinale ona zen».
Uretan arraunlariek bizi izan zutena «oso gogorra» izan zen. «Argi genuen lehen luzea sufrikarioa izango zela. Horrela adierazi nien gainerako taldekideei. Ziabogara arte asko sufritu genuen, baina Oriok ez zuen ihes egin. Bigarren luzean estututa bandera gurea izango zela ikusi nuen», nabarmendu du Duquek. «Oso parekatua izan zen Oriorekin izan genuen estropada. Beraien arraunlarien eta patroiaren oihuak entzuten nituen. Oso urduri zeudela konturatu nintzen. Beraien helburua estropada lehen luzean haustea zen, eta lortu ez zutenez, bigarren luzean urduriago jarri ziren lehen kaletik ezin zutelako gurera sartu. Gure patroiak [Andrea Astudillok] sekulako lana egin zuen zentzu horretan, eta pultsuari ondo eutsi zion. Azken metroak benetan gogorrak izan ziren», gaineratu du Lorea Etxabek. «Azken metroetan, palada bakoitzarekin, gure arraunlarien izenak esaten hasi nintzen. Guztienak, traineru barrukoak eta kanpoan geratu zirenak. Denok batera egin genuen arraun, eta denok batera lortu genuen helmugara Orioren aurretik iristea», adierazi du Duquek.
Bandera astintzeko uneak
Estropada bukatzean, arnasa hartu eta Ciudad de San Sebastian itsasontzira abiatu ziren Kontxako Bandera jasotzera, eta, noski, astintzera. Andrea Astudillo patroia igo zen ontzira, eta pozak eztanda egin zuen. Bandera hartuta, kaira joateko asmoa zuten, baina gizonezkoen lehen txanda bukatu arte itxaron behar izan zuten. Behin bukatuta, Nautiko parera joan ziren bandera eskaintzera. Izan ere, Nautikoko Gu gunean zeuden klubeko kideak eta arraunlarien senideak. Azkenik, kaira abiatu ziren, pandemiak jendez hustu duen kaira. Han zeuden zale, arraunlari eta gainerako pertsonek txalo artean hartu zituzten.
Kaitik Nautikora itzuli ziren, eta hortik udaletxera joan ziren. Izan ere, Donostiako Udalak taldeari harrera egingo ziola iragarri zuen. «Irabaziz gero harrera bat nahi genuen, baina ez liga ostean irabazitakoaren antzekoa. Pandemiagatik antolatzaileek eskatu zidaten ezertxo ere ez antolatzeko. Dena dela, argi utzi nien balkoi bat behar nuela. Udaletxekoa edo Konstituzio plazakoa. Kontxako Bandera astintzeko da. Estropada irabazi arte, ordea, udalak ez zidan esan balkoira joan ahal izango ginela», azaldu du Egurenek.
Udaletxeko harrera motza eta azkarra izan zen, eta bandera behar bezala astindu zuten udaletxeko balkoian. Alderdi Ederren jende asko batu zen Donostia Arraun Lagunak-en lorpena ospatzeko. Eguna borobiltzeko, bazkari eder bat egin zuten Lugañenea baserrian, eta, ondoren, parranda. «Gauza hauek ondo ospatu behar dira. Hurrengo egunean biharamun emozionala eta klasikoa izan genuen denok», dio Lorea Etxabek. Hain zuzen ere, «biharamun emozional» hori nabarmendu du Juan Mari Etxabek ere: «Igandekoarekin hamar Kontxa irabazi ditut. Halere, hau izango da berezienetakoa. Asko hunkitu nintzen ospakizunekin. Batez ere, ikusita nola ospatu duten klubeko kideek, zuzendaritzak eta beteranoek. Asko gozatzen ari naiz».
Denboraldi «zoragarria»
Donostia Arraun Lagunak-en denboraldia nabarmentzekoa da. Estropada asko, bi txapelketa, liga eta Kontxa irabazi dituzte. Lehen aldiz lortu dituzte horietako gehienak. Atzera begira jarri dira denak. «Oso gogorra izan da, baina errepikatuko nuke. Gogorra izan da arraunlariek gero eta gehiago behar zutelako, goi mailan aritu direlako. Babesleek berandu erantzun ziguten pandemiagatik, eta hori dena kudeatzea zaila izan da», azaldu du Egurenek. «Pozgarria da lortu dugun guztia. Ez dut uste horrelako beste denboraldi bat biziko dutenik. Urtebetean lortu dutena zoragarria da», esan du Juan Mari Etxabek.
Lorea Etxaberentzat «zoragarria» izan da, eta «oso sufritua». Hirugarren urtea du arraunean, eta gehien sufritu duena da. «Negu oso gogorra pasa genuen psikologikoki. Gainera aita hemen ere jasan behar izan dut. Dena dela, sufritu dudan guztia beste hamar mila aldiz sufrituko nuke orain gozatzen ari naizena errepikatzeko». Duquerentzat are zailagoa izan da denboraldia: «Bizkaitarra izanik, arazoak izan nituen hona entrenatzera etortzeko. Mugak itxi zizkiguten, eta etxean bakarrik entrenatzen aritu nintzen. Arrauna uzteko zorian egon nintzen, baina eskerrak ez nuela erabaki hori hartu».
Udalarekin bilduko dira
Etorkizunari begira jarri da Donostia Arraun Lagunak, eta Donostiako Udalarekin bilera bat lotu dute. «Oraindik ez dakigu eguna, baina udalarekin gauzak argitu nahi genituzke. Uretan oso argi hitz egin dugu, eta jende askoren iritzia aldatu da. Donostiako Udalak garena aintzat hartzea nahi dugu. Lehen mailako talde bat gara, aurten dena irabazi duena», azpimarratu du Egurenek. Ildo horretatik adierazi du kluba ez doala inoren eta ezeren kontra. «Gauzak dirurik gabe egin daitezkeela erakutsi dugu, baina dirua ongietorria litzateke. Izan ere, hirian emakumezkoen bi traineru daude, eta udalak diruz bakarra babesten du. Hori aldatzeko garaia iritsi dela iruditzen zaigu».