Pintura algoritmikoak
Jaime de los Rios artista donostiarraren Crimson Waves obrak Kursaaleko fatxada jantzi zuen pasa den asteburuan. Pintura algoritmikoak natura eta hiriaren arteko koreografia hibrido zibernetikoa irudikatzen du. Gizartearen gehiengoarentzat ez ohiko kontzeptuak dira. Obra konstruktibista eta generatiboa da gainera, etengabe eboluzionatzen ari dena. Hitzek, ordea, askotan ez dute balio halako obrak deskribatzeko. Hala esan zuen artistak, eta bete-betean asmatu zuen. Artistaren obra ikustera joan zirenek ez zuten azalpenik behar izan piezaren argi eta mugimenduarekin liluratzeko. Hori bera gertatu zitzaien ikusle hauei, telebistaren aurrean egongo balira bezala isilik eta geldi begiratzen zioten. Norberak bere narratiba sortu dezake irudi horietatik, eta gehiengoak euren pantaila txikietan jaso nahi izan zuen pantaila erraldoi horrek transmititu ziena.