Zinemaldi Alternatiboak zinema kalera aterako du sei egunetan
Gaur abiatuko da Donostiako 13. Zinemaldi Alternatiboa (8 + 5). Sei eguneko egitarau zabala prestatu dute antolatzaileek, eta emanaldi guztiak aire librean izango dira, 20:00etan. Hiriko hainbat auzotara eramango dute jaialdia.

Zinema gustuko baduzu, baina Zinemaldia baino plan alternatiboagoak nahiago badituzu, Zinemaldi Alternatiboa da zure lekua. Hamahirugarrenez antolatuko dute aurten, eta berrikuntza batekin datoz: saio guztiak kalean antolatutako proiekzioak izango dira. Hainbat auzotan izango dira, eta hurrengo urteetan sakontzeko bide bat hautatu dutela diote antolatzaileek.
Gaur abiatuko dute jaialdia, Antiguako Txantxarreka gaztetxean proiektatuko duten Sin Tu Permiso dokumentalarekin; hardcore eta punk musikaren panoraman emakumeek duten presentzia du hizpide dokumentalak. Bihar, aldiz, Rame pour ta planète dokumentala proiektatuko dute Saguesko frontoian; euskal kostaldeko zenbait lagunek 2018an itsasoaren egoera hobetzearen alde garatutako egitasmoari buruzkoa da lana. Bi proiekzioen ondoren, solasaldiak egingo dituzte.
Datorren astean jarraituko du jaialdiak, honako proiekzio hauekin: hilaren 23an, Saguesko frontoian, emakumeek Euskalduna ontzioletako langile borrokan izandako rolaren inguruko Nosotras, mujeres de Euskalduna dokumentala; 24an, Intxaurrondoko Letaman gaztetxeko terrazan, Espainiako Estatuko gaur egungo zentsurari buruzko Tijera contra Papel dokumentala; 25ean, Trinitate Plazan, Afrikatik bizikletan egindako bidaia bat kontatzen duen África en Cinecicleta dokumentalaren aurkezpen berezia; eta, 26an, Kristinaenea parkean, Ez, eskerrik asko dokumentala. 1980ko hamarkadako mugimendu antinuklearraren eta Gladys del Estal Ferreñoren hilketaren gertakariaren inguruan dihardu dokumentalak.
Johnny Deppi saria ematea kritikatu dute
Johnny Depp aktoreak Zinemaldiko Donostia sarietako bat jasoko du aurten, eta horren inguruan sortutako eztabaidaren harira, bere hausnarketa propioa egin dute: “Sari bat ematea erabaki dute indarkeria matxista leporatu zaion aktore bati. Are larriagoak dira emakume aktoreek erabakia kritikatu ostean Josu Luis Rebordinos Zinemaldiko zuzendariak eginiko adierazpenak. Barkamena eskatu eta erabakia zalantzan jarri beharrean, bere gizontasuna puri-purian adierazi zuen: ‘zinema jaialdi baten funtzioa ez da industriako kideen jokabideak epaitzea’, adieraziz. CIMA emakumezko zinemagile espainiarren elkarteak adierazi zuen moduan, ‘oso leku txarrean uzten du jaialdia eta bere zuzendaritza, eta mezu beldurgarria helarazten dio gizarteari: Aktore ona bazara, bost axola tratu txarrak egin badituzu’. Penagarria. […] Ez dugu aipagai dugun eztabaida alboratu nahi izan, eta gure ekarpen txikia egingo dugu, Sin tu permiso eta Groseko Asanblada Feministaren eskutik proiektatuko dugun Nosotras, mujeres de Euskalduna dokumentalekin”.