Zirujau frankistaren ospitalea
Egiako Quiron ospitalearen eraikina 1842an eraiki zuten. Alkolea jauregia izan zen: Donostian aisialdirako eraikitako lehen jauregia. Hala ere, Leandro Martin-Santos zirujau militar frankistak jauregia erosi zuen, eta ospitale kirurgikoa inauguratu zuen bertan 1936an. Hor dirau.
Egiako tontor batean, Alkolea pasaian, Quiron ospitalea dago. Barrutik berrituta egon arren, fatxada dotoreak pentsarazten du eraikina garai batean jauregi bat izan zela, eta horrela da.
Pilartegi baserria zegoen muino horretan, eta Alcoleako konteak erosi zuen, oporretako etxea eraikitzeko. Horrela, 1842an eraiki zuten Villa Alcolea jauregia, Pilar izenez ere ezaguna. Aisialdirako eraiki zuten jauregia, eta aitzindariak izan ziren hirian horretan: Donostian aisialdirako eraikitako lehen jauregia da.
Hala ere, Alkolea jauregiak beste funtzio bat bete zuen XX. mendean: ospitale bihurtu zuten, eta gaur egun horrela dirau.
Marokotik Egiara
Leandro Martin-Santos mediku militar oso ezaguna izan zen. Larachen (Maroko) mediku aritu zen, eta Afrikako Gerrako soldaduak artatu zituen. Soldaduen sabeleko zauriak sendatzeko erabilitako kirurgiak ezagun egin zuen. Handik Donostiara etorri zen: Ospitale Militarrean, Ategorrietako Mercedes klinikan, Egiako San Antonio ospitalean eta Antiguako Gurutze Gorriaren ospitalean aritu zen mediku eta zirujau lanetan. Alkolea jauregia erosi zuen, eta Ospitale Kirurgikoa inauguratu zuen bertan 1936ko urtarrilaren 20an.
1936ko gerran Francoren armadarekin egin zuen bat, eta kargu militar ugari izan zituen. Gerra amaitzean, Gipuzkoako Medikuen Elkargoko burua izan zen, eta diputatu probintziala. Ospitalea zuzendu zuen 1971n hil zen arte, eta 1990etik Quiron enpresak zuzentzen du.
Luis Martin-Santos idazlea Leandro mediku frankistaren semea zen. Idazlea izateaz gain, sendagilea ere bazen. Antifrankista izan zen, eta Egiako Plaza Haundik bere izena darama ofizialki.