"Bizi osorako zigorren" aurkako aldarrikapena egin dute Saguesen
PPk, Voxek eta ETAren biktimen hainbat elkartek eragindako presioaren ondorioz, Sarek gaurko iragarritako egun osorako martxa bertan behera uztea erabaki du . Gaur goizean, Euskal Herriko herri desberdinetan 7/2003 legea salatu eta euskal presoen eskubideak errespetatzea eskatu dute elkarretaratzeen bidez.
Arrasateko 31km-ko martxa egin beharrean, Euskal Herri osoan elkarretaratzeak egitea erabaki zuen Sarek. Hala egin dute gaur goizean Donostian: jende ugari bildu da euskal presoei aplikatzen zaizkien bizi osorako espetxe zigorren kontra eta Unai Parot askatzearen alde, Bizi osorako zigorrik ez! Giza eskubideak, elkarbizitza, konponbidea lelopean.
Ekitaldiaren amaieran, adierazpenak egin dituzte: “7/2003 legeak berezki euskal presoei aplikatzeko sortu da eta bizi osorako kartzela zigorrak ahalbidetzen ditu. Hala da, finean, espetxean 40 urteko zigor efektiboa betetzera kondenatuta dauden 15 preso ingururen egoera. Kondena horiek espetxeen arloko araudian zehaztutakoaren kontrakoa dira eta ez dugu bizi osorako zigorrik onartuko. 7/2003 aplikatuz, zigorra luzatu dieten euskal presoak legez kalean egon beharko lukete eta ez dugu hori aldarrikatzeari utziko”. Elkarretaratze hauek 7/2003 legea salatzeko ez ezik, “egun hauetan jasandako presio eta manipulazioa ere salatzeko” egin direla nabarmendu dute: “Izan ere, auzi honen inguruan hainbat hedabide, alderdi politiko eta baita instituzioetatik ere erantzukizunik gabeko jarrerak hartu dituzte. Horrela, espetxe politikan edozein aldaketa errefuxatzen duten horien jarrera indartu dela salatu nahi dugu”.