Ikus-entzunezkoen eta arte eszenikoen sektoreko emakumeek '(H)emen' daudela aldarrikatu dute
(H)emen Euskadiko Ikus-entzunezkoen eta arte eszenikoen sektoreko emakumeen elkartea Tabakaleran bildu da ‘(H)emen”daudela eta industrian haien lekua nahi dutela aldarrikatzeko.
Industria honetako emakumeek Zinemaldia garaian argazkia ateratzen duten bigarren urtea da: “(H)emen elkartean oso pozik gaude bigarren urtez jarraian eskailera hauek emakumeen talentuz betetzeaz, zinemaren munduan lan egiten duten eta urtez urte beren begirada desberdinak pantaila handian eskaintzen dizkiguten emakumeez”.
Aurtengo Zinemaldia “zaila” dela aipatu duten arren, hainbat gauza ospatu nahi izan dituzte. Alde batetik, Industry sailean Euskal Herriko emakumeek zuzendutako lau proiektuk Zinemaldiarekin duten lankidetzari esker izango duten lekua. Bestalde, emakume askok beraien filmak sail desberdinetan aurkeztuko dituzte eta azkenik, sortu berri den berdintasun eraginkorraren aldeko lan-mahaiak aukera eraldatzaile ugari eskainiko dituela espero ditu, aurten ahsi baitu bere ibilbidea Zinemaldiaren eskutik. “Emakumerik gabe ez dago zinemarik. Bideak, espazio hau eta ahizpatasuna ospatu nahi ditugu. Elkarrekin indartsuagoak gara”, adierazi dute antolatzaileek.
Bestalde, Zinemaldiak abuztuaren 8an jakinarazi zuen 69. jaialdiko Donostiako saria Johnny Depp aktore estatubatuar ezagunari emango ziola. Hori dela-eta, (H)emen elkarteak eta Zinemaldiak jaialdiaren kode etikoaren inguruko eztabaida saioa egitea erabaki dute. Genero-berdintasunarekin zerikusia duten gaien inguruan hausnartzeko espazioa izango da, eta akordio eta konpromiso publiko eta adostuak lortzeko aukera sortu nahi dute.