Ancorak salatu du Arte Ederretako eraikina eraisteko tramitazioak martxan direla
Sare sozialetan zabaldu duten mezuaren bidez, Ancorak gogora ekarri nahi izan du Arte Ederretako eraikinaren eraiste prozesua martxan dela.
Zinemaldiaren aitzakiarekin, Ancora elkarteak gogora ekarri nahi izan du Arte Ederren eraikinaren “arrisku handiko egoera, Donostiako zinemagintzan ahaztutako harribitxi handia”. SADE enpresak urteak daramatza eraikina birmoldatu eta bertan hotel bat eraiki nahian. Maiatzaz geroztik, hiru aparkaleku-solairu, hirugarren sektoreko erabilerarako hiru solairu eta ostatu turistikorako beste sei etxebizitza gaitzeko lizentzia izapidetzen ari omen da SADE.
Kaleratutako mezuan, Ancorak salatu du SADE “espekulazio-helburuekin” dabilela: “2015ean, bere kupula kendu zuten, berehala berrezartzeko betebeharrarekin (bete gabea), eta, 2017an, aurreko Kultur Ondasun estatusa kentzea lortu zuten, babes legalik gabe utziz. Udalak hirigintzako fitxa malgutu berri du (berriro), barruko egitura suntsitzeko eta fatxaden jatorrizko diseinua aldatzeko. Hori guztia ICOMOS-UNESCOk nazioarteko alerta eman arren”.
Ancorak gogorarazi du ere Europako Lehen Mundu Gerra baino lehenagoko areto bakanetakoa dela. Espainiako Kultura Ministerioak XX. Mendeko Ondarearen Plan Nazionalean sartu zuela eta gaur egun Espainiako Estatukoko zinematograforik zaharrena kontsideratua dagoela.
Udalak eraisketa ukatu du
Eneko Goia alkateak Arte Ederren eraikina ez dela eraitsiko nabarmendu du gaur, Tokiko Gobernu Batzordearen osteko prentsaurrekoan. Une honetan, udala tramitatzen ari dena eraikinaren birgaitzea dela gaineratu du Goiak: “Babes maila errespetatuz, eraikina birgaitzeko plana tramitatzen ari da udala. Baldintzak batzuk bete beharko ditu jabeak, baina ezingo dute eraikina osorik bota”.