Ikatz kaleko tabernariek "gazte talde batzuk" euren kalean izaten ari diren jarrera salatu dute
Protesta moduan, Ikatz kaleko tabernak itxiko dituzte ostegunean, hilaren 23an, 20:00etatik aurrera.
Azken hilabeteotan istilu eta jende pilaketa handiak izan dira gauez Parte Zaharrean, eta, bereziki, Ikatz kalean. Horren aurrean, Ikatz kaleko Belea, Kai, Aurresku, Belfast, Ilargi, Urka-Mendi, Urraki eta Herria tabernetako arduradunek prentsaurreko bat eskaini dute astearte eguerdian udaletxearen aurrean, udalari “zerbait” egin dezala eskatzeko.
“Denbora daramagu gure gustukoa ez den egoera bat pairatzen, eta horrek hainbat arazo dakarzkigu, bai guri tabernariei, bai auzokoei”, azaldu dute tabernariek. Duela hilabete batzuetatik hona, gazte taldeak hiriko hainbat lekutan biltzen ikusi ditugu, parranda egiteko asmoz. Pilaketa horiek arazoak sortu dituzten heinean, agintariek pilaketa horiek saihesten joan dira, pertsona horiek Parte Zaharrera lekualdatzea eraginez”, gaineratu dute, eta salatu dute horrek “gaueko masifikazioa” sortu duela Parte Zaharrean eta, bereziki, Ikatz kalean eta ingurukoetan.
Masifikazio egoerez gain, Ikatzeko ostalariek “hainbat gazte talderen” jarrera salatu dute: “Ez dira konformatzen modu normal batean ondo pasatzearekin: kaleko beste pertsona batzuekin, tabernariekin eta auzokideekin jarrera bortitzak izaten dituzte, eta tabernak itxi ondoren bozgorailuekin parranda jarraitzen dute kalean”. Pasa den asteko ostegunean bizitakoa ere gogoratu dute: “Kaleko aldamio batera igotzen ibili ziren batzuk, eta bizilagunekin liskarrak izan zituzten”. Horrez gain, azaldu dute orokorrean “oso gaztetxoak” direla egoera horiek sortzen dituzten pertsonak: “Lehen kaian kale zurrutean ibiltzen zirenak dira, baina orain ez dietenez uzten kaian egoten, Ikatzera etortzen dira. Batzuk zuzenean litroekin etortzen dira”. Bizilagunak eta tabernariak egoera horiekin “aspertuta” daudela nabarmendu dute, baita Ikatzeko tabernetako ohiko bezeroak ere: “Gure establezimenduetara etortzeari utzi diote”. Era berean, beraiek tabernariak direla gogorarazi dute, eta ezin dutela ibili jendeak egiten duena une oro kontrolatzen; horregatik, udalari neurriren bat hartzeko eskatu diote.
Tabernarien ustez, “ez da kasualitatea” jende pilaketa horiek Ikatz kalean gertatzea eta “Donostiako erdigunean izandako istiluak kale horrekin lotzen saiatu izana”: “Aisialdi mota horretarako espazioak mugatzen diren heinean, arazoa handitu egiten da ‘baimenduta’ dauden lekuetan. Gure ustez, gazteek aisialdiko uneak izateko moduko espazioak prestatu beharko lirateke, gaueko lokalen irekiera barne, non, zalantzarik gabe, kalean baino hobeto beteko liratekeen osasun-arauak”. Egoera horren aurrean, bizitzen ari diren egoera salatzeko protesta moduan, ostegunean, hilaren 23an, Ikatz kaleko taberna guztiak itxi egingo dituzte 20:00etatik aurrera.
Alkatea, “kezkatuta”
Gaiari buruz galdetu diote Eneko Goia alkateari gaur goizeko Tokiko Gobernu Batzordearen osteko prentsaurrekoan, eta bera ere Ikatz kalean gertatzen ari denarekin “kezkatuta” dagoela nabarmendu du: “Ikusten dudanez, egoerarekin kezkatuta gaude denok. Ildo horretatik, uste dut honi aurre egiteko beraien laguntza izatea [Ikatzeko ostalariena] ona izango dela. Ea guztion artean lortzen dugun, bakoitzak bere lekutik eta bere arduratik, egoera honi erantzun bat ematea”.