Hiriko merkataritza suspertzen ari dela nabarmendu du Donostiako Sustapenak
Donostiako Sustapenak hiriko merkataritza sektorearen egungo egoeraren berri eman du. Aurten, 165 saltoki ireki dira eta 127 itxi. Beraz, hirian 38 saltoki gehiago daudela adierazi dute. Horrekin batera, Sustapenak beste hitzarmen bat sinatu du San Sebastian Shops-ekin, merkataritzaren eraldaketa digitala babestearen bidez merkataritza sustatu eta sektoreko enpleguari eusteko.
Marisol Garmendiak, Ekonomia Bultzatzeko eta Merkataritzako zinegotziak, hitzarmenaren garrantzia nabarmendu du: “Ikusten dugu merkataritza sektorea berpizten hasi dela saltoki berrien irekierarekin, hilabete luzeetan saldo negatiboa izan ondoren. Hitzarmen honekin, hiriko tokiko merkataritzari ematen diogun babes irmoa berresten dugu; sektore lehiakorra izatea dugu helburu, gertatzen ari diren kontsumo ohituren aldaketei aurre egiten asmatuko duena”.
Hitzarmenaren bidez, Sustapenak 229.470 euro bideratuko ditu merkataritzaren eraldaketa digitalerako. Hitzarmenak hiru jarduera esparru ezartzen ditu: tokiko merkataritzaren lehiakortasun dimentsioa eta enplegua finkatzea; merkataritzako hiri ingurunea berpiztea; eta hiriko merkataritza ehunaren irudia sustatzea lehentasunezko merkataritza aukera gisa.
Merkataritza sariak
Donostiako Udalak merkataritzaren sektoreko sariak berreskuratu ditu aurten. Sari horiek datorren azaroaren 18an Donostiako Maria Kristina hotelean izango den ekitaldi batean emango dira. Lau kategoria dituzte: ibilbide komertziala, merkataritza berritzailea, merkataritza jasangarria eta merkataritza sortu berria. Hautagaitzak aurkezteko epea urriaren 22ean itxiko da.