Kaiko bizilagunei ahotsa eta erabakitzeko gaitasuna eman nahi die EH Bilduk
Kaiko eremuaren kudeaketarako batzorde ez- iraunkorra sortzea proposatu du EH Bilduk, kaiko bizilagunek beren bizitokiaren gainean erakunde publikoek hartzen dituzten erabakietan parte hartu ahal izateko, eta eremuaren kudeaketaren eskumena duen Eusko Jaurlaritzaren, udalaren eta bizilagunen arteko hartu-emana errazteko.
Izan ere, kaiko bizilagunak “haserre” daude hainbat arrazoirengatik: kaiko arrapalaren itxieragatik eta estropadetan sarbideak mugatu izanagatik, besteak beste. EH Bilduren ustez, “beharrezkoa da udalak kaiko bizilagunek beren bizitokiaren gainean erakunde publikoek hartzen dituzten erabakietan parte hartu ahal izateko bitartekoak sortu eta bideratzea”.
Horregatik proposatu dute batzordearen sorrera. Honelako osaera izan beharko luke batzordeak, EH Bilduren ustez: “Udal talde bakoitzeko kide bat (botoa haztatua izango da), Lehendakaritza eta Gobernantzara atxikitako zinegotzia, Partaidetzako udal teknikari bat, eta, gonbidatu gisa, kaiko bizilagunen bost ordezkari eta Eusko Jaurlaritzaren Portu eta Itsas Gaietako Zuzendaritzako ordezkari bat, eta Euskadiko Kirol Portuak-eko ordezkari bat”. Urtebeteko iraupena izan beharko luke batzordeak eta hilean behin bildu beharko litzateke, EH Bilduren arabera.