Podemosek eta Donostiako Udal Gobernuak akordioa lortu dute hainbat udal zerga eta tasa aldatzeko
Podemosek eta Donostiako Udal Gobernuak akordioa lortu dute hainbat udal zerga eta tasa aldatzeko. Ikuspegi "berde eta soziala" txertatzen saiatu direla adierazi du Aitzole Araneta Podemoseko kideak. Agerraldiko hiru alderdiek "akordioak lortzeko euren gaitasuna" nabarmendu dute.
Udal gobernuak eta Podemos udal taldeak 2022ko zerga arauei zortzi aldaketa egitea adostu dute. Ogasun eta Finantzetako zinegotzi Jaime Dominguez-Macayak, PSE-EEko bozeramaile Marisol Garmendiak eta Elkarrekin Donostia udal taldeko bozeramaile Aitzole Aranetak eman dute akordioaren berri.
Hiru alderdiek urteko aurrekontuak adostu zituztenez, akordio hau “bide beretik” doala aitortu du Dominguez-Macayak.
Etxe hutsei dagokienez, hutsik dauden etxebizitzek ordaintzen duten errekargoa ez ordaintzeko gutxieneko balio katastrala gutxitzea eta 170.000 eurotan jartzea onartu da. 170.000 euroko balio katastrala baino gutxiago duten hutsik dauden etxebizitzek ez dute errekargorik ordainduko urtarriletik aurrera.
Etxebizitza turistikoen tasa nabaramen igotzea adostu dute ere, %8,5. Iaz igo bazen ere, igoera “marjina” zutela aitortu dute. Aranetaren arabera bi neurri hauei esker “etxe hutsen zati bat merkaturatzea eta alokairua jaistea” bilatuko da.
TAOari dagokionez %1,5eko igoera orokorra aurreikusita bazegoen. Gizarte laguntzak jasotzen dituzten egoilarriei ez zaie igoko. Bestetik, orekatu egingo da “ingurumen irizpideak” kontuan hartuta eta erdialdean daudenek igoera handiagoa izango dute eta kanpoaldean daudenak txikiagoa. Eremu berdea %1 igoko da, eremu urdina %1,5 eta eremu gorria %2,5.
Hondakinen tasari dagokionez, %1,5eko igoera orokorra aurreikusita zegoen. Adostasunaren ondorioz, etxeko tasa arruntei %1eko igoera egingo zaie eta sortzaile handiei %3koa. Ostalaritza eta komertzio txikiari ez zaio igoerarik egingo, “aurten bizi duten urte gogorra dela eta”.
Gaizki aparkatuta dauden kotxeen garabi tasei dagokionean %1,5eko igoera zegoen aurreikusita eta %2,5ekoa adostu da.
Azken bi moldaketak zehatzagoak dira. Santu Guztien Egunean loreak saltzeko postuei dagokienez, ez zen kontuan hartzen aparkalekua behar zen edo ez eta egun kopurua. Udaran dauden salmenta postu txikietarako udarako sasoia zein zen argitu gabe zegoen eta hemendik aurrera uztailaren 15etik irailaren 15era.
Zerga Arauak Donostiako Udalaren irailaren 30eko ohiko udalbatzarrean eztabaidatu eta onartuko dira.