Podemosek eta udalak sinatutako akordiotik at geratu da Ezker Anitza
Donostiako udal gobernuak eta Podemosek zergen ordenantzen inguruan egin duten akordioa ez du sinatu Ezker Anitzak –Podemosekin batera osatzen du Elkarrekin Donostia koalizioa–. Haizea Garai Ezker Anitzako zinegotziak salatu du akordioaren berri ez dutela izan azken unera arte, eta akordioak ez duela jorratzen “donostiarren arazo larrienetako bat: etxebizitza bat eskuratzea; izan ere, OHZn etxebizitza hutsei ezarritako errekarguaren salbuespen garrantzitsu batekin ez du ezabatzen, eta horrek esan nahi du jenderik gabeko etxebizitza gehienek ez dutela errekargu hori ordaintzen”.
Funtsean, salbuespen fiskal hori ezabatu ez izanak bultzatu du Ezker Anitza akordioa ez sinatzera. Elkarrekin Donostia koalizioaren barruan egon litekeen zatiketa ere agerian utzi du horrek.
“2022rako ordenantza fiskalak ez datoz bat justizia sozialaren eta ekitatearen irizpideekin, eta EAJ eta PSEren gobernuak defendatzen duen ereduarekin jarraitzen dute, eliteei mesede egiten diena eta herritarren gehiengoari bizkarra ematen diona”, adierazi du Garaik.