"Beste auzoetan badaude auzo elkarteak, baina Erdialdean hutsune hori genuen"
Erdian Bizi elkartea sortu dute: Erdialdeko bizilagunen auzo elkartea. Kontxu Zaragueta, David Ortega eta Pilar Braceras elkarteko kideak dira, eta trafikoarekin dauzkaten arazoak eta ekipamendu falta salatu dituzte. "Eraikitzaileak" izateko asmoa daukate.
Zer da Erdian Bizi elkartea?
Kontxu Zaragueta (K.Z.): Donostiako Erdialdeko bizilagunen elkartea da, eta auzoko bizitza kalitatea hobetzea izango litzateke gure helburua.
David Ortega (D.O.): Guk elkar ezagutu genuen pandemia hasi baino lehen, udaletxeko bilera batean, eta galdetu genuen: ‘Erdialdean ba al dago auzo elkarteren bat, gainerako auzoetan bezala?’. Eta ezetz. ‘Ba, sortu beharko dugu guk’. Eta udalekoek esan ziguten: ‘Aurrera’. Elkartu ginen eta sortu genuen.
K.Z.: Bai. Behar hori ikusten genuen. Beste auzoetan badaude auzo elkarteak, baina Erdialdean hutsune hori genuen.
D.O.: Gure helburua Erdialdeko bizilagunen ongizatea lortzea da, soinuari dagokionez, trafikoari dagokionez, zuhaitzei eta instalazioei dagokienez… Arlo guztiei dagokienez.
Zeintzuk dira Erdialdean identifikatzen dituzuen arazo nagusiak?
Pilar Braceras (P.B.): Trafikoa, adibidez. Udan aparkalekuak beteta daude, eta Gernikako Arbolaren pasealekua da hirian trafiko gehien daukan errepidea. Autobus geltoki berria eraiki zutenetik, 500 autobus baino gehiago pasatzen dira hemendik egunero. Trafikoak kutsadura eta kutsadura akustikoa eragiten ditu. Bestalde, terrazek beste zarata motak sortzen dituzte. Hiriko beste auzo batzuetan gertatzen den bezala, etxebizitzaren prezioak ere kezkatzen gaitu: gentrifikazioa dago.
K.Z.: Hondatutako espazioak egokitzeari garrantzia ematen diogu, baita eremu peatonalak ugaltzeari ere, trafikoa murriztuta. Batzuetan egiten dena da kale bat peatonalizatu eta terrazak jartzea…
P.B.: Batzuetan soluzioa arazoa baino okerragoa izaten da.
K.Z.: Hemen gehien daukaguna zarata da: alde guztietan
Obra asko daude, ezta?
P.B.: Momentu honetan pixka bat hobeto dago egoera, baina azkenaldian obra asko egon dira. San Bartolome muinoan, adibidez. Easo kalea itxita egon da ez dakit zenbat urtez, eta zarata handiarekin. San Martin kalea ere bai, metroa leku desberdinetan…
D.O.: Artzain Onaren katedraleko dorrea eta Maria Cristina zubia ere obretan egon dira. Espazio txiki batean obra pila bat egon dira.
K.Z.: Auzoan espazio berde gehiago jartzeari ere garrantzia ematen diogu. Dagoena zaindu eta hobetzea, gutxienez. Proposatu dugu, adibidez, Gernikako Arbolaren pasealekuan zuhaixka altuagoak jartzeko, hainbeste trafiko dagoenez, gutxienez autoak ez ikusteko eta zarata pixka bat murrizteko.
P.B.: Aurrekontu parte-hartzaileetan lau proposamen egin genituen, baina bat bera ere ez zuten onartu. Horietako bat zen Gernikako Arbolaren pasealekuan radar bat jartzekoa, abiadura murrizteko. Orduko 50 kilometroko abiaduran joan daitekeen Erdialdeko errepide bakarra da.
K.Z.: Hemendik trafiko guztia sartzen da hirira.
P.B.: Aparkaleku guztiak Erdialdean daude, eta ez dago disuasio-aparkalekurik jendea hona autoan ez etortzeko.
D.O.: Badakigu udalak hori guztia buruan daukala, baina gure asmoa da hor egotea une oro gogoratzen eta ideiak ematen. Erdialdeko sarbideak murriztu beharko lirateke, eta aparkalekuak kanpoan jarri.
K.Z.: Hori nabarmentzen dugu oso garrantzitsua delako eta osasunarekin lotuta dagoelako. Erdialdeko biztanleriaren osasuna bermatu nahi dugu. Gainera, bizilagunen gehiengoa nahiko zaharra da.
P.B.: Teorian, istripuak murrizteko txikitu zen abidadura muga, baina zenbait kaletan –Urbieta kalean, adibidez– ez dute betetzen abiadura muga hori.
Ekipamenduen aldetik, zeintzuk behar dituzue Erdialdean?
P.B.: Erdialdean ez dago kultur etxerik, kiroldegirik, haurtxokorik, gaztelekurik… Ez daukagu ezer. Edozer gauza egiteko Grosera edo Amarara joan behar izaten dugu. Ez dago eskola publikorik. Jendeak pentsatzen du Erdialdean denetarik dagoela, eta, bai, denda pila bat daude eta zerbitzuak; baina dagoen guztia pribatua da, ez dago ezer publikoa.
K.Z.: Erdialdea ez dago bizilagunentzat eginda.
D.O.: Jendeak esaten digu pribilegiatu batzuk garela. Hondartza daukagu, baina ez daukagu denetarik.
P.B.: Ekipamendu orokorrak dauzkagu, hiri osoarentzako direnak: hiru geltoki dauzkagu, Victoria Eugenia antzokia, udaletxea, aldundia, Jaurlaritza… Hiri guztiarentzat diren zerbitzu guztiak hemen daude, baina bizilagunen egunerokotasunerako gauzarik ez dugu.
Turismoa nola bizi duzue?
D.O.: Turismoak jasangarria izan behar du. Turistei ez diegu ezetz esaten: haiei esker ere bizi gara. Baina neurriak hartu behar dira. Ez dugu Venezia bat nahi.
Espazio berde gehiagoren beharra ikusten duzue?
P.B.: Bai. Eremu erromantikoan ez daude gune berde asko. San Bartolome muinoan 200 etxebizitza baino gehiago eraiki dituzte, bi hotel, eta lorategirik ez. Lizarra kalean jarri dituzte zuhaitzak, baina San Bartolomen ez dago ezer. Gainera, merkataritza zentro bat eta aparkaleku bat eraikiko dituzte hor, eta gune berdea kenduko dute. Horren aurkako alegazio bat aurkeztu dugu.
Auzo eta herri desberdinetako bizilagunak Erdialdera etortzen dira. Hori bizilagun moduan nola bizi duzue?
K.Z.: Iritzi desberdinak egongo dira.
D.O.: Guk normalean ez dugu arazorik, baina ereduaren diseinuan dago arazoa. Denek Erdialdeko dendetaraino autoan iritsi nahi dute. Trafikoan nabari dugu. Orain dela gutxi ikusi genuen Real Automobile Clubek egindako txosten bat, eta hor jartzen zuen proposamen bat, beraiena: ‘Igaran jarriko genuke aparkaleku bat autoak aparkatzeko, Illunben beste bat… Eta hortik autobusak Erdialdera’.
P.B.: Aparkalekuak betetzen dira, eta jende guztia ibiltzen da bueltak ematen aparkalekua aurkitzeko. Hori da arazo nagusia.
D.O.: Hori duela 30 urte jarri zuten Londresen, Vienan, Pragan… 30 urteko atzerapena daukagu.
P.B.: Zubieta eta San Martin kaleetan noranzkoen aldaketa egiteak egoera hobetuko du, baina ez dauka zentzurik Erdialdean beste aparkaleku bat eraikitzeak. Kontraesan handia da. Egiten dute gauza bat ondo, eta bestea gaizki.
Zein da Erdian Bizi elkartearen jarduna orain?
P.B.: Gure asmoa da udalarekin gauzak pentsatu eta elkarrekin egitea, baina segur aski ez da horrela izango.
D.O.: Bilera bat izan genuen beraiekin, baina aurrekontu parte-hartzaileetan ez zuten ezer onartu.
K.Z.: Guk proposamenak egiten segituko dugu.
P.B.: Guk eraikitzaileak izan nahi dugu.