"Larrialdi klimatikoa gelditzeko, ostiralero mobilizatuko gara"
Mundu mailako Fridays For Future mugimenduarekin bat eginez, greba egin dute hainbat ikaslek larrialdi klimatikoari aurre egitea eskatu dute.
“Gradu bakar bat gehiago ez, espezie bakar bat gutxiago ere ez”, “Aldatu sistema, ez klima”, “Errausketarik ez” eta larrialdi klimatikoaren kontrako oihuek, Zinemaldira etorritako turista baten baino gehiagoren arreta lortu dute. Manifestazioaren deialdia Fridays For Future gazte mugimenduak eta Ikasle Sindikatua taldeek egin dute elkarlanean, mundu mailako mobilizazioarekin bat eginez. Donostiako taldeak eta ikastetxe eta unibertsitateetan greba deialdia egin dute, eta aitortu dutenez, “ikasturte hasiera dela eta, ez da erraza izan antolatzea”.
200dik gora gaztek egin dute mobilizazioa Alderdi Ederretik abiatuta, kartoizko afitxak eskutan eta normaltasunez joan da mobilizazioa bi pankarta nagusirekin: “Kapitalismoa planeta hiltzen ari da, iraultza behar dugu” Ikasle Sindikatuarena, eta “Krisi klimatikoa = heriotza. Ekin eta eskatu ekintza politikoa, orain!” Fridays For Future gazte taldearena.
Antolatzeko beharra azpimarratu dute
Fridays For Futureko Anne Rodriguez-ek mobilizazioaren balorazio oso positiboa egin dute, azken urtean “pandemiarengatik” jende gutxiago biltzen ari zirelako, eta “gaurkoak indarra” eman diela aitortu du. Mobilizazioaren amaieran irakurritako testuan, Espainiako Gobernuaren kontra egiten ari diren “Klimaren aldeko epaiketa” ekarri du gogora, gas emisioak %45 murrizteko Europako akordioarekin bat egin dezan. Sinadura bilketa eta salaketa judiziala egiten ari dira, Greenpeace eta Ekologistak Martxan taldeekin batera. Mobilizatzeko beharra azpimarratu dute eta Rodriguezek aurreratu duenez, ostiralero arratsaldeko 18:00etan Alderdi Ederren eserialdia egiten hasiko dira.
Ikasle Sindikatuko bi ordezkarik ere, testu bat irakurri dute: “Klima aldaketa ez da jainkoen zigor bat. Ekoizpen modu kapitalistak berez eragiten duen suntsiketaren emaitza da”. Kapitalismo berdearen “benetako iruzurra” salatu dute, eta hauek ere antolatzeko beharra aldarrikatu dute, “planeta defendatzeko eta zapalkuntza sozial eta klimatikoarekin amaitzeko”.