Marrutxipiko eremuan bizi direnak elkartu nahi dituzte
Gipuzkoako Aldundia Marrutxipiko lotune berria eraikitzen hasiko da 2022ko lehen hiruhilekoan. Azpiegitura horren jarraipena egiteko sortu dute Marrutxipi bizilagunen koordinakundea. Urrian bilera bat egingo dute lotunearen inguruko xehetasunak emateko bizilagunei.
Polloe eta Intxaurrondoko tunelen artean, Donostiako GI-20 saihesbidean, kokatuko dute Marrutxipiko lotunea. Gipuzkoako Foru Aldundiak uztailean onartu zuen proiektuaren berrikuspena, eta Donostiako Udalarekin hitzarmena sinatu zuen lanak elkarlanean garatzeko. Aldundiaren aurreikuspenen arabera, 2022ko lehen hiruhilekoan hasiko dituzte lanak, eta 2024rako bukatuta egotea espero dute. Proiektuaren exekuzio aurrekontua 12.663.389 eurokoa da; horietatik, udalak 3.544.050 euro jarriko ditu eta aldundiak 9.119.339 euro. Izan ere, proiektua aldundiarena bada ere, udalari dagozkion esku-hartze batzuk ere baditu.
Lotuneak ekialdeko eta mendebaldeko sarrera eta irteera mugimendu guztiak hartuko ditu bere gain. Fernando Sasiain kalearekin eta Mons pasealekuarekin lotura zuzenak izango ditu, eta ez die Etzieta eta Castelao parkeei eragingo. Lotura berri honek Ategorrietatik eta Ipar Intxaurrondotik sartzeko eta irteteko aukera emango du, eta horrek hiritik irteteko beste bide batzuk «arinduko» dituela dio Aldundiak. Esaterako, Frantziako pasealekua eta Federico Garcia Lorca pasealekua, gaur egun Grosetik eta Egiatik ateratzeko erabiltzen dena.
Intxaurrondoko Marrutxipi eremuan bizi diren herritarrek prentsaren bidez izan dute lotunearen berri. 2019an jakin zuten askok GI-20 saihesbidean sarrera eta irteera bat jartzeko asmoa zuela aldundiak. Hori dela eta, urte hartako martxoan bilera bat egin zuten inguruko bizilagunek Marrutxipiko elkarte gastronomikoan. «Eskura genuen informazioa konpartitu, eta aurrera begira elkartzen jarraitzea adostu genuen», azaldu du Juantxo Dominguezek, Marrutxipiko bizilagunak. Dena dela, hilabeteak pasa ziren eta ez zuten beste bilerarik egin. «2020. urtearen hasieran berriz elkartzeko saiakera egin genuen, baina pandemia iritsi zen, eta gure asmoa bertan behera geratu», dio Dominguezek.
Abuztuan lotunearen inguruko xehetasunak argitaratu ziren prentsan, eta horrek bizilagunak berriz ere martxan jarri zituen. «Uda ez da garairik onena elkartzeko, baina bizilagunen koordinakundeari ikusgarritasuna ematea erabaki genuen. Horretarako, webgune bat sortu nuen [www.marrutxipi.com]. Pixkanaka lortzen ari gara Marrutxipiko auzotarrak elkartu eta egingo duten lotunearen informazioa elkarbanatzea», azaldu du Dominguezek.
Bizilagunen bilera
Marrutxipi bizilagunen koordinakundea orri informatibo bat prestatzen ari da lotunearen inguruko informazioa zabaltzeko auzotarren artean. Era berean, webgune bat eskura dutela jakinarazi nahi diete, eta han lotunearen inguruko plano, informazio eta bestelakoak topatuko dituztela. Horrez gain, bilera bat egin nahi dute urrian Intxaurrondo Kultur Etxean. «Taldea osatzen ari gara. Hilabete pasa da prentsan informazioa agertu zenetik, eta badirudi gero eta auzotar gehiagok ezagutzen dutela proiektua. Horrela ere, garrantzitsua da bizilagunen bilera bat egitea. Batez ere, beraien zalantzak eta iritziak jasotzeko», nabarmendu du Dominguezek.
Auzo koordinakundea Aldundiarekin ere harremanetan jarri da, bilera baten bidez Marrutxipiko lotunearen informazioa lortzeko. Aldi berean, Aldundiarekin komunikazio zuzena izan nahi dute, lanak hasi aurretik, bitartean eta ondoren. «Auzoko mugikortasuna eta motordun ibilgailuen zirkulazioa asko aldatuko da. Gainera, kezkatuta gaude proiektuak eragin dezakeen kutsadura akustikoarekin. Mons pasealekuan aparkalekuak kenduko direla aurreikusten dugu, eta horrek ere arazoak sortuko ditu auzoan», azaldu du Dominguezek.