Udalak turismoa bultzatu nahi du Europako funtsekin
Donostiako Udalak Europako Batasuneko Next Generation funtsetatik datorren finantzazioa eskatu du hiriko mugikortasuna hobetzeko eta turismoa bultzatzeko. Guztira, 24 milioi euro eskatu dituzte 40 jarduera baino gehiago finantzatzeko. Eneko Goia Donostiako alkateak eta Marisol Garmendia zinegotziak aurkeztu dute eskaera gaur goizean. Espainiako Mugikortasun eta Garraio Ministerioaren eta Industria eta Turismo Ministerioaren bidez aurkeztu ditu udalak eskaerak.
Mugikortasunari dagokionez, emisio gutxiko eremuak ezartzera bideratu nahi dute dirua, baita hemeretzi autobus elektriko gehiago erostera ere. Turismoa bultzatzeko, 7 milioi euro nahi ditu udalak. Ulian begiratoki bat jarri nahi dute, eta Artikutza sustatu nahi dute.
Aurtengo deialdian ez badituzte proiektu guztiak onartzen, datozen bi urteetan ere deialdi bana izango dira, eta hor aurkeztuko dituzte gainerako eskaerak. 2023an iritsiko litzateke Europako Batasuneko finantzazioa.