Ulia pasealekuko hirugarren luiziarekin "oso kezkatuta" daude bizilagunak
Astearte gauean, 21:55 inguruan, Ulia pasealekuko 124. zenbakiko bizilagunek “sekulako sustoa” hartu zuten. Etxe atzeko mendi magaletik hainbat harri jausi ziren euriaren eraginez, eta tamaina handiko batek “oso gogor” jo zuen etxebizitzaren kontra. “Etxeak dardara egin zuen, eta bizilagun guztiak kalera atera ginen beldurtuta”, adierazi du Eugenio Hernandez bizilagunak. Asteartekoa gertatu den hirugarren luizi garrantzitsua da.
Bizilagunak “oso kezkatuta” daude beraien segurtasuna “arriskuan” ikusten dutelako. “Harri pusketa handia gutxigatik ez zen etxe atarira erori. Norbait harrapatu izan balu beste bat izango zen albistea”, azaldu du Hernandezek. Udaltzaingoari deitu zioten, eta hainbat udaltzainek gertaturikoaren txosten tekniko bat egin zuten. “Udaltzainek adierazi zidaten txostenean jaso zutela ura mendi magaletik jausten dela, eta ez errepide ondoko kanaletik. Suhiltzaileak ere etorri ziren etxeak hustu behar ziren edo ez erabakitzeko. Azkenik, ez zuten nahikoa arriskurik ikusi, eta ez zuten bestelako erabakirik hartu”, dio Hernandezek.
Udaleko “inor” ez da jarri bizilagunekin harremanetan. “Ez dira harremanetan jarri gure finka-administratzailearekin eta abokatuarekin. Noski, eta bizilagunokin are gutxiago”, salatu du Hernandezek. Astearteko lur jausiarengatik inoiz baino urduriago daude bizilagunak. Asteazkenean, udaleko teknikari batzuk pasa ziren errepidetik, eta babes neurri batzuk jarri zituzten. Bizilagunei ez zieten azalpenik eman.
Hiru urte eta hiru lur jausi
Ulia pasealekuko 124. zenbakiko etxebizitza atzeko mendi magalak hainbat luizi jasan ditu azken hiru urtetan. Lehena 2019ko abenduan izan zen. Lur asko eta errepidearen zati bat jausi ziren mendi magaletik. “Errepide ondoko uraren kanalak eta estoldak hosto zein adaxkez beteta zeuden. Ondorioz, euri urak mendi magaletik erori ziren lur jausia eraginez”, azaldu du Hernandezek.
Goiko errepidetik jaisten den ur guztia etxe atzeko mendi magaletik erortzen dela diote bizilagunek, baina Donostiako Udala ez da iritzi berekoa. “Udalaren ustez mendi magalaren arazoa soilik gurea da, eta beraien teknikarien arabera ez da euri urak eragindakoa”, esan du Hernandezek. Goiko bidea denbora batez itxi zuten ibilgailuentzat “arriskutsua” zelako. Egun batzuk beranduago larrialdietarako soilik erabiltzeko aukera jarri zuten.
Bigarren luizia iazko urrian izan zen. “Lurra ez ezik, errepideko zatiak eta mendi magaleko harriak jausi ziren. Aurreko hormaren zatiak ere erori ziren. Material horiek hor daude erretiratu gabe oraindik. Guk espero duguna da udalak erretiratzea”, azaldu du Hernandezek. Arazoari irtenbidea emateko ez dira ados jartzen udala eta bizilagunak. “Hasieratik esan ziguten errepideaz arduratuko zirela, eta mendi magala gure ardura zela, esklusiboki. Dena dela, gauza bat argi dago. Udalak ez badu errepidea konpontzen, guk ezin dugu mendi magala egonkortu. Bitartean zer egin behar dugu, 20 metroko hormigoizko pareta bat jarri?”.
Maiatzetik azarora
Udalak errepidea konpontzeko proiektua maiatzean onartu zuen. 91.709 eurokoa da aurrekontua, eta orduan bi hilabeteko epea ezarri zuten lanak egiteko. Ordutik, hilabeteak pasa dira, eta bizilagunek jakin ahal izan dutenez, azaroan hasiko dira lanekin. “Irailean gaude, eta astearteko luiziaren ondoren gure kezka areagotu da. Azarora bitarte egin dezakeen euriak mendi magalaren egoera nabarmen kaltetu dezake”, dio larrituta Hernandezek.