Altzako kiroldegiko lanak %28 garestitu direla eta asko atzeratu direla salatu du EH Bilduk
EH Bilduk Altzako kiroldegiko lanen gainkostuen berri emateko prentsaurrekoa eskaini du astelehen goizean, eta salatu du lanak %28 garestitu direla dagoeneko (3,5 milioi euro inguru). Koalizio abertzaleak gogoratu du kiroldegia eraikitzeko lanak 16.287.120,94 euroan lizitatu zirela, baina udal gobernuak lehiaketara aurkeztu ziren enpresen beherapena onartu zuela, eta “ia lau milioi euro merkeago” adjudikatu ziola lanen kontratua Acciona-Altuna y Uria enpresa elkarteari. Horregatik, EH Bilduk mozio bat aurkeztuko du osteguneko udalbatzarrean, udal gobernuari eskatzeko “bilera publiko bat” antolatu dezala Altzan kiroldegiko erabiltzaileei eta Altzako herritarrei azalpenak emateko. Horrez gain, udal gobernuari eskatuko diote obra publikoen lizitazioetan “tresna juridiko-administratibo bat” txertatu dezala,” lanak gauzatzeko epeak %20ko atzerapena edo handiagoa duten kasuetan, eragindako herritarren aurrean azalpenak eman behar izateko”.
“Kiroldegia egiteko lanak hasi zirenetik bi urte eta hiru hilabete igarota, asko atzeratzeaz gain (urte eta erdian egitekoak ziren) eraikuntza lanak 3,5 milioi euroan garestitu dira (%28). Hiru kolpetan egindako aldaketekin, 15.918.070,70 eurora iritsi da kostua, eta ia berdindu egin du lehiaketako lehen prezioa”, nabarmendu du EH Bilduk. “Garestitzea gertatu da udal gobernuak onartu egin dituelako kiroldegiaren hasierako egitasmoa diseinatu zuten proiektugileek beraiek egindako aldaketa proposamenak. Horietako aldaketa batzuk garestiak eta esanguratsuak izan dira, hala nola estalkiaren egitura merkatuan erostea, orubean bertan egin beharrean; hormei akabera estetiko ezberdin bat ematea; edo hasiera batean kontratatutakoei hornidura berriak gehitzea”, gaineratu dute.
Horregatik, EH Bildukoek salatu dute udal gobernuak “arinegi” hartu dituela Altzako kiroldegiaren inguruko erabakiak, “ez dituelako partekatu erabiltzaileekin eta, oro har, altzatarrekin; ez dielako udal taldeei, ezta Ekialdeko Barrutiari ere, erabaki horien zuzeneko jarraipenik egiteko aukera eman; kiroldegi berriaren egitasmoa onartuta eta indarrean egonik, ez delako aski justifikatu aldaketa horien beharra, areago pairatzen ari garen pandemiaren testuingurua kontuan izanik”. Era berean, azpiegitura publikoak eraikitzeko lanetan aldaketak egon ohi direla aitortu badute ere, nabarmendu dute “harrigarria” iruditzen zaiela kiroldegia eraikitzen ari diren enpresek “ia osorik berreskuratu izana adjudikazioko lehiaketan beraiek eskainitako beherapena”. Horregatik, EH Bilduri “ulergarria” iruditzen zaio herritarren artean “susmoak eta kezkak piztea”.
“Kiroldegiko lanen sustatzailea Donostiako Udala da, eta diru sail esanguratsu bat aurreikusi zuen azpiegitura honen eraikuntzarako. Horregatik, ez diogu bidezkoa irizten altxor publikoarekin horrela jarduteari. Herri ordezkarioi eskatzen zaigu arduratsu jokatzeko herriaren interesen defentsan, eta ez aritzeko beste interes batzuen mende”, gehitu du EH Bilduk, eta udal gobernuari “gardentasunez” jokatzeko eskatu dio.