LABen ustez, Fiskaltzak "ikerketa sakonik egin gabe" artxibatu du 'Hondalea'-ri buruzko salaketa
Gipuzkoako Fiskaltzak joan den astean artxibatu zuen Donostiako Udaleko LAB sindikatuaren sail sindikalak Hondalea-ren lanen harira ekainean jarritako salaketa: “Ezin da ondorioztatu Santa Klara uharteko itsasargiaren eraikineko obrak kontratatzeko prozeduran irregulartasunik egin denik”, ebatzi zuen Fiskaltzak. LABek, aldiz, salatu du “ikerketa sakonik egin gabe” artxibatu dutela salaketa, eta nabarmendu du salatu zituen bi irregulartasunek, hor jarraitzen dutela, “Fiskaltzak kontuan hartu ez dituen arren”. Bere salaketan, LABek zioen LKS eta Fhecor enpresek lizitaziorik gabe eskuratu zituztela Santa Klara irlako itsasargiko lanak, eta bi delitu posible identifikatu zituen: funtzioen abusua eta diru publikoaren erabilera okerra.
“Alde batetik, Fiskaltzak onartu du “uharteko itsasargiaren eraikina birgaitzeko proiektuaren obraren zuzendaritza” LKS-Fhecorri lizitaziorik gabe, kontratu txiki bidez, esleitu izana. Eta, bestetik, udalak arkitekto bati eman zion uharteko itsasargiaren eraikina birgaitzeko lanak idazteko ardura, baina LKS-Fhecorrek egin zuen, udalak haiekin kontraturik egin gabe. Hau da, proiektuko lan nagusietako bat kontraturik gabe egin zen, azalpenik gabe”, azaldu du sindikatuak, eta salatu du udalak ez diola Fiskaltzari horren inguruko azalpenik eman. Hori “eskandalua” dela nabarmendu du LABek, eta zalantzan jarri du operazioaren legezkotasuna: “LKS-Fhecorrek prezioak bota zituen proiektu hau zuzenean adjudikatu ahal izateko, baina mundu guztiak daki enpresak eskainitako zenbatekoa ez zela nahikoa proiektu hori gauzatzeko. Horrela, ez dira betetzen Sektore Publikoko Kontratuen Legearen manuak, zerbitzu horiek modu irekian lizitatu ez direlako. Zoritxarrez, Fiskaltzak ez du hori ikertu”.
Diru publikoaren erabilera okerraren delituak ere ikusten jarraitzen du LABek: “LKS-Fhecorrek obra zuzendaritzan egindako gastua Alfa Arte enpresak ordaindu du, baina enpresak aurkeztutako proiektuan ez zegoen partidarik LKS-Fhecorren zuzendaritza lana ordaintzeko”. Sindikatuak salatu du Fiskaltzaren ebazpenak ez duela horri buruz ezer esaten, eta zera gaineratu du: “Alfa Artek gastu horiek ordaindu baditu, Proiektu eta Obretako arduradunak hala esan zuelako da. Bigarren irregulartasunaren aurrean gaudela uste dugu, udal aurrekontuko diru publikoa gaizki erabili baita”.
“Artxibatze-dekretua eta udalak aurkeztutako dokumentazioa egiaztatu ondoren”, LABek ondorioztatu du “Donostiako Udalak ezin izan duela justifikatu proiektua lizitaziorik gabe zuzenean adjudikatu izana, ezta horren ondoriozko exekuzio gastuak ordaintzea ere, irregulartasunik egin gabe”. Horregatik, gaitzetsi du Fiskaltzak bi auzi horiek ikertu ez izana, eta jakinarazi du sindikatuak bere aholkulari juridikoekin batera aztertuko duela ikerketan aurrera egiteko aukera.