'The Letter Room' eta 'Sticker' film labur esanguratsuak proiektatuko ditu Donosskino jaialdiak
Urriaren 5etik 9ra egingo dute V. Donosskino Donostiako Film Laburren Jaialdia. Antzoki Zaharrean izango dira proiekzioak, eta antolatzaileek bost eguneko egitaraua aurkeztu dute. Aipatzekoak dira Oscar sarietarako hautagaia izan zen film labur bat eta Sundance jaialdian estreinatu zen beste bat.
Elvira Lind zuzendari eta gidoilariaren The Letter Room film laburra da Oscar sarietan izan zena. Oscar Isaac (Dune, Star Wars) eta Alia Shawkat (Green Room, First Cow) aktoreak dira protagonistak. Espetxe bateko funtzionario baten istorioa kontatzen du. Sundance jaialdian estreinatu zena, berriz, Georgi M.Unkovski zuzendariaren Sticker film labur barregarri eta saritua da.
ShortZinema lehiaketan 23 film labur lehiatuko dira epaimahaiaren sariak eskuratzeko. Gustu guztietarako aukeraketa honetan sei euskal film labur izango dira ikusgai: Dar-dar (Paul Urkijo Alijo), El perro (Daniel Cortazar), Hemen izango da (Amaia San Sebastian), Maite (Xabier Larrazabal), La colcha y la madre (David Perez Sañudo) eta Polvo somos (Estibaliz Urresola). Malagako Zinemaldian publikoaren saria irabazi duen azken film labur hau, Jone Laspiur donostiarra protagonista duena. Lan horiek guztiek, gainera, euskal film labur onenaren Etxean Shortuak saria lortzeko aukera izango dute. Aipaturiko film laburrekin batera, nazioarteko beste hainbat emango dituzte Antzoki Zaharrean: The Visit, Shakira, Stanbrook, Der Wächer eta Club silencio.
‘Alien’ filmaren urteurreneko laburrak
Donosskinoren bereizgarrietako batzuk dira bere giroa, estetika eta jaialdi bakoitzean zinemaren munduari egiten dizkion omenaldiak. Aurten espazioan barneratuko dira Alien-en eskutik. Izan ere, Alien: The Director ‘s Cut filmaren emanaldiarekin jaialdia abiatzeaz gain, saio bakoitza Alien 40th Anniversary Short Films-en lehiaketaz kanpoko film labur batekin hasiko da. Film labur sorta hau pelikularen 40. urteurrena ospatzeko egin zen, eta pantaila handian gozatu ahal izango da.
Bukaera ekitaldia Antzoki Zaharrean izango da urriaren 9an. Film Labur Onenaren, Gidoi Onenaren, Interpretazio Onenaren eta Etxean Shortuak Sariaren irabazleen izenak Dorleta Urretabizkaia aktore donostiarrak, Molly Izaga zinemazale eta Zinemaldiko kolaboratzaileak eta Oskar Tejedor zuzendariak hautatuko dituzte. Lehiaketan parte hartuko duten film laburrek ere Publikoaren Saria irabazteko aukera izango dute. Film labur onenaren sariaren irabazleak 1.000 euroko saria jasoko du, eta gainerako kategorietako irabazleek 500 euroko saria. Sergio Arrospide aktore eta aurkezleak gidatuko du aurten ere Donosskino festibalaren bosgarren edizioaren amaierako ekitaldia.