2021eko uztaileko eta abuztuko turismoa pandemia aurrekoa baino altuagoa izan da Donostian
Eusko Jaurlaritzak aurtengo udan Gipuzkoan, Bizkaian eta Araban izandako turismoaren balantzea egin du, eta jakinarazi du aurreikuspenak gainditu egin direla, bereziki abuztuan. Eustaten eta INE-ren datuak hartu dituzte aintzat balantzea egiteko, eta Donostiaren kasuan, datuak pandemia aurrekoak –2019koak– baino altuagoak izan dira.
Jaurlaritzak aurreikusten zuen 2021eko udako datuak 2020koak baino hobeak izatea, alegia, altuagoak. Ordea, ez zuten aurreikusten 2019ko datuetara heltzea, baina hala izan da: “Gure hiru hiriburuek euren erakarpen turistikoaren indarra erakutsi dute”, adierazi du Javier Hurtado Dominguezek, Turismoko sailburuak. Hain zuzen, Donostiako datuak hazi dira gehien, 2019ko datuekin alderatuta, %8 igo baita uztaileko eta abuztuko turismoa hirian. Gasteizen (Araba) ere 2019ko datuak gainditu dituzte: %3,2 igo da turismoa. Bilbon, aldiz, 2019ko datuekin alderatuta, %11 jaitsi da 2021eko uztaileko eta abuztuko turismoa, baina, hala ere, 2020ko sarreren datuak bikoiztu ditu.
Turismoaren Nazioarteko Eguna da gaurkoa, eta hain zuzen, horren bueltan egin dute balantzea. Horren harira, Cristina Lage, Donostiako Udaleko Turismoko zinegotzia, pozik agertu da datuekin: “Ospatu baino ezin dugu gure ekonomiarentzako, hiriarentzako, kulturarentzako eta gizartearentzako horren garrantzitsua den sektore baten errekuperazioa. Bisitarien gabezia handia izan dugu hilabeteotan, konturatu gara zein garrantzitsua den guretzat mundua mugitzea. Bisitariak jasotzeko eta gure hiriaren edertasuna erakusteko gaude hemen. Turismoa gure gizartearen ardatz garrantzitsu bat izatera pasa da”.