Ancora elkarteak manifestaziora deitu du, Arte Ederren eraikina botatzearen aurka
Ostegunean egingo dute protesta, 19:00etan, Arte Ederren eraikinaren aurrean.
(Argazkia: Inaxio Esnaola) Donostiako ondarearen aldeko Ancora elkarteak ohartarazi du SADE enpresak baimena duela eraikina botatzeko eta hotel bat egiteko. Arte Ederren eraikinaren fatxada mantendu beharko du enpresak, baina elkarteak kritikatu du hainbat egokitzapen egingo dituela SADEk. “2015ean eraikinaren kupula kendu zuten, berehala berrezartzeko betebeharrarekin (bete gabea), eta, 2017an, aurreko Kultur Ondasun estatusa kentzea lortu zuten, babes legalik gabe utziz. Udalak hirigintzako fitxa malgutu berri du (berriro), barruko egitura suntsitzeko eta fatxaden jatorrizko diseinua aldatzeko. Hori guztia ICOMOS-UNESCOk nazioarteko alerta eman arren”, azaldu du Ancorak.
SADEk urteak daramatza eraikina birmoldatu eta bertan hotel bat eraiki nahian. Maiatzaz geroztik, hiru aparkaleku-solairu, hirugarren sektoreko erabilerarako hiru solairu eta ostatu turistikorako beste sei etxebizitza gaitzeko lizentzia izapidetzen ari da. Ancorak gogorarazi du ere Europako Lehen Mundu Gerra baino lehenagoko areto bakanetakoa dela. Espainiako Kultura Ministerioak XX. Mendeko Ondarearen Plan Nazionalean sartu zuela eta gaur egun Espainiako Estatuko zinematograforik zaharrena dela.

