Firestone lantegia hustu eta eraikina eraisteko lanekin hasi dira
Gauerdian azaldu da Ertzaintza eta han bizi zirenak identifikatu ondoren, kanpora atera dituzte. Firestone lantegiaren hustutzea salatzeko elkarretaratzea egingo dute Donostiako Udaletxearen aurrean, 19:30ean.
Añorga Txikiko Firestone lantegi berreskuratua hustu du poliziak, eta eraisketa lanekin hasi dira. 00:00ak aldean azaldu dira poliziak lantegira, han zeuden hiru bizilagunak identifikatu eta gauzak jasotzen utzi diete. Laugarren bat azaldu da beranduago hainbat maletekin.
Agente judizialak eraikina itxi duenean, hainbat objektu barruan geratu direla salatu dute Firestone lantegian bizi zirenek. Tentsio unea sortu da orduan, kaleratutako gazteek, ertzainei gertatutakoa aurpegiratzean. Dirudienez, lehenengo gauza identifikatzea izan da, eta ondoren jada ez diete denbora nahikorik utzi. Ertzainak esan die “beste moduren batean berreskuratu” beharko dituztela objektuok.
Haserre agertu dira kaleratutako gazteak, baina “beste leku bat” bilatuko dutela argi utzi dute. SOS Arrazakeria, Caritas eta Infernua Bizirik plataformako kideek babesa adierazi diete, eta nabarmendu dute “kale gorrian” geratuko direla kanporatutako pertsonak. Harrera etxeetan ezin dituztela hartu gaineratu dute, “itxita daudelako edo baldintzak ez dituztelako betetzen”.
Gazteak kanporatu ostean Ertzaintzak alde egin du, berriro ere irekiz itxita zuten eremua. Eraiste lanak egitera joan diren beharginek eraikina osorik garbitu behar dute botatzen hasi aurretik. Langileek hedabide honi adierazi diotenez, hainbat eguneko lana izango da makina handiak sartu aurretik.
2015etik okupatuta
Firestone lantegi berreskuratua 2015eko maiatzaren 1ean okupatu zuten Donostiako hainbat eragilek, Eraldia ekimenaren baitan Ekintza zuzena gure bizitzen gain, berjabetza lelopean. Proiektuak hainbat aldaketa izan ditu eta egun, hainbat etxebizitza zeuden bertan, batez ere, etxe gabeko gazte migranteentzat.
Firestone lantegiaren hustutzea salatzeko elkarretaratzea egingo dute Donostiako Udaletxearen aurrean, 19:30ean.