Firestone lantegitik kanporatu dituzten pertsonei babesa adierazi diete
Gaur hustu dute Añorga Txikiko Firestone lantegi berreskuratua, eta eraikina bota aurreko garbiketa lanekin hasi dira. Arratsaldean, hainbat herritarrek protesta egin dute udaletxearen aurrean.
Datozen egunetan eraitsiko dute eraikina. Hustutzea salatzeko elkarretaratzea egin dute Donostiako Udaletxearen aurrean, Desalojorik ez! lelopean. Goizean identifikatu eta kanporatu dituzten pertsonei elkartasuna adierazi diete.
SOS Arrazakeriak, Caritas-ek eta Infernua Bizirik plataformak salatu dutenez, eraikinetik atera dituzten pertsona “kale gorrian” geratuko dira. Harrera etxeetan ezin dituztela hartu gaineratu dute, “itxita daudelako edo baldintzak ez dituztelako betetzen”.
2015etik okupatuta
Firestone lantegi berreskuratua 2015eko maiatzaren 1ean okupatu zuten Donostiako hainbat eragilek. Proiektuak hainbat aldaketa izan ditu eta egun, hainbat etxebizitza zeuden bertan, batez ere, etxe gabeko gazte migranteentzat. Hainbat hustutze mehatxuren ondoren, azkenik gaur kanporatu dituzte han bizi zirenak.
Eraikina botatzea erabaki dute eremu horretan Añorga Geltokia hirigintza proiektua garatu nahi duelako udalak. Zehazki, 248 etxebizitza eraiki nahi dituzte Añorga Txikiko lursail horretan, eta bere alboetan. Añorgako eragile eta herritar asko ez daude ados proiektu horrekin, eta asteburuan manifestazio jendetsua egin zuten auzoan.