Gaurtik aurrera, autoak ezingo dira Kontxako pasealekutik ibili
Kontxako errepidea gaur goizean. (Argazkia: Beñat Parra)
Udalak joan den astean abiatu zituen Kontxako lanak, eta errei bana utzi zuen dagoeneko San Martin eta Zubieta kaleetan. Aldaketa handiena, aldiz, gaur iritsi da: Kontxako pasealekuan errei bakarra dago bi noranzkoentzako, eta soilik garraiobide publikoak, taxiak, motoak eta larrialdietako ibilgailuak ibili ahal izango dira hortik. Pasealekua bederatzi hilabetez egongo da horrela —oinezkoek eta bizikletek pasabidea bermatuta izango dute une oro—, eta errei bakarra dagoenez bi noranzkoentzako, zirkulazioa semaforo alternatibo batzuekin kontrolatuko dute aurrerantzean: Antiguako tunelaren ondoan semaforo bat jarri dute eta Mirakontxako desbideraketaren ondoan beste bat, hain zuzen. Horrela, herritarrei “periferiako bideak” erabiltzeko gomendatu die udalak, eta Kontxara heldu aurretik, hamaika gunetan jarriko dituzte ibilbide alternatiboak adierazten dituzten seinaleak. Une honetan ari dira egokitze lanak egiten.
Donostiako Udalak duela bi aste eman zuen Kontxako lanen berri, eta lau esku hartze egingo dituztela azaldu zuen: kostaldeko horma konpondu eta handituko dute, Kontxako baranda berrituko dute, San Martin eta Zubieta kaleetako zirkulazioaren noranzkoak behin betiko aldatuko dituzte eta Kontxako bidegorria berritzeko hirugarren fasea gauzatuko dute, Ibaetako bulkada hodiak luzatzearekin batera. Lanek 2.559.000 euroko aurrekontua dute, eta Moyua enpresa ari da egiten.
Bestalde, gaurtik aurrera eta datozen hiru hilabeteetan, txirrindulariek bidegorri zaharretik joan beharko dute Kontxako pasealekuko 17. zenbakitik 40.era doan tartean. 40. zenbakitik Antiguako tunelera, aldiz, oinezkoek eta txirrindulariek espaloian elkarbizi beharko dute. Urte amaieran, hiru hilabete horiek pasata, abiatuko dute lanen bigarren fasea, besteak beste, Kontxako baranda aldatzeko. Sei hilabete iraungo du fase horrek, eta denbora tarte horretan, bizikletek bidegorri berritik joan beharko dute, eta oinezkoek, aldiz, zaharretik.


