Adineko Pertsonen Nazioarteko eguna dela eta, adinekoen eskubideak aldarrikatuko dituzte bihar
(Argazkia: Maite Reizabal) Bihar, urriak 1, Adineko Pertsonen Nazioarteko Eguna da eta Babestu elkarteak, Pentsiodunen Mugimenduko ordezkariak eta beste hainbat elkartek manifestazioa egingo dute Hego Euskal Herriko lau hiriburuetan. Donostiako mobilizazioa 12:00etan abiatuko da Alderdi Ederretik.
Adineko pertsonak eskubide osoko herritarak direla, eta bizi-baldintza duinak izateko eskubidea dutela aldarrikatuko dute. Elkarteek ohar baten bidez adierazi dutenez, nola bizi nahi duten, nolako zaintza nahi duten haiek haien burua zaindu ezin dutenean eta baita nola hil nahi duten ere. Hala jasotzen baitu Europar Batasuneko Oinarrizko Eskubideen Gutunak 25. artikuluan.
Adinekoen bizi-baldintzek okerrera egin dutela eta “egoitza publiko, pribatu zein itunduetan, eta eguneko zentroetan, gabezi handiak” daudela diote. Gainera, “Euskal Herriko adinekoen kolektiboaren errealitatea Foru Aldundien eta Gobernuaren diskurtso harroputzetatik oos urrun dagoela” nabarmendu dute: “Indarrean dagoen legeria aplikatzeak eta azken urteetako murrizketek ez diote zerbitzuen gizarte-eskariari erantzuten, ezta erabiltzaileen eta langileen beharrei ere. Ez dago baliabide ekonomikorik, ezta bultzada politikorik ere, zerbitzuen kalitatea bermatzeko, eta egoitza-zentroei buruzko araudiak inolako adostasun sozialik gabe egiten dira”.
“Egungo pandemia hasi zenetik, kudeaketa txarrak isolamendu-zentro bihurtu ditu zahar-egoitzak, eta bertan pertsonen eskubideak urratzen jarraitzen dute. Egoitzek ez dute bermatzen mendekoen etengabeko prestazio soziosanitarioa, urteko 24 ordu eta 365 egunetan kalitatezkoa eta arreta integralekoa izan beharko lukeena”. Koordinazioa soziosanitarioaren falta salatzen dute eta “prozesu- eta emaitza-irizpide argiak dituen kalitate-eredu bat” eskatzen baitute.
Horrez gain, egoitzetako eta erakundeetako foroetan parte ahal izatea eskatzen dute, eta Eusko Jaurlaritzaren eta foru aldundien aldetik gonbidapenik jaso ez dutela diote, nahiz eta azken urteetan behin eta berriz biltzarrak eskatzen ari diren. Halaber, pentsio publiko duin, justu eta nahikoak eskatzen dituzte, “pertsona nagusi guztiek bizi-baldintza duinak izan ditzaten”.

