"Aurrekaririk gabeko ondare historikoaren merkantilizazioa eta banalizazioa ari da gertatzen"
Ancorak deituta ehunka lagun bildu dira gaur, Arte Ederren eraikina bota ez dezaten eskatzeko. SADEk eraikiko dituen etxebizitza turistikoak salatu dituzte eta Eneko Goiaren dimisioa eskatu dute, daraman politika "espekulatzailea" salatuz.

Arte Ederren eraikinaren parean biltzen hasi da jendea arratsaldeko 19:00etan. Ancorako elkarteko kideak haserre agertu dira eraikinaren etorkizunaz kezkaturik. irakurri duten agirian salatu dute aspalditik datorren “hiri-ondarea sistematikoki suntsitzeko dinamika”. Gaineratu dutenez “EAJ alkatetzara iritsi zenetik, ordea, fenomeno hori gordintzen ari da. Aurrekaririk gabeko ondare historikoaren merkantilizazioa eta banalizazioa ari da gertatatzen”. Bretxaren adibideaz gain, Erdialdeko eraikin historikoak eta hiriko etxe enblematikoak aipatu dituzte, besteak beste.
Arte Ederren eraikinekoa, ordea, “askoz ere larriagoa da” Ancora elkartearen ustez. Donostiako Udalak “SADEren neurrira egindako fixa urbanistikoa” egin izana salatu ditu elkarteak, “marra gorri guztiak” gaindituz.
Manifestazioa Bulebarreraino iritsi da, bidean dozenaka lagun batuz. Amaieran irakurri duten agirian UNESCOk Donostiako Udalari bidalitako gutuna irakurri dute. XX.mendeko altxor izendatu dute eraikina eta defenda dezala eskatu diote udalari. Ancorako ordezkariek “Zinemaldiaren museoa” eraikitzeko proposatu dute eta dauden bide legalak urratuko dituztela eta mobilizazioak egiten jarraituko dutela iragarri.