Donostiako atari entzutetsuenei buruzko erakusketa eta bisita gidatuak antolatu dituzte astebururako
Ondare irisgarri eta inklusiboa lemapean Gipuzkoako Foru Aldundiak sustatzen dituen Ondarearen Europako Jardunaldien baitan Euskal Herriko Arkitektoen Elkargo Ofizialeren (EHAEO) Gipuzkoako ordezkaritzak erakusketa bat eta bisita gidatu bat antolatu ditu igande honetarako. Ondare atariak, irisgarri eta inklusiboak? izenburua duen ekimenak Donostiako atari entzutetsuenen xehetasunak ezagutzeko aukera eskainiko du.
Juana Otxoa-Errarte Gipuzkoako EHAEOeko presidenteak, Juan Martín Gipuzkoako EHAEOren Ondarearen batzordeko zuzendariak eta batzorde bereko kideek parte hartuko dute ekitaldietan. Bisita gidatuak 10:00etan abiatuko dira Gipuzkoako EHAEOren egoitzatik (Frantzia pasealekua, 11 – Donostia), eta Ondarean batzordeko kideek egingo dituzte gida lanak. 12:00etan, erakusketaren inaugurazioa egingo da eta urriak 27 arte egongo da ikusgai astelehenetik ostiralera, 9:00etatik 15:00etara.
Jardunaldi hauek herritar guztientzako dira eta parte hartzea doakoa da, baina ezinbestekoa da aurretik izena ematea Gipuzkoako EHAEOren webgunean, lekuak mugatuak baitira.