Illunbeko txertodromoak bere ibilbidea amaitu du
Illunbeko txertodromoa. (Argazkia: Joseba Parron San Sebastian) Asteazkenean jarri zituzten Illunben azken txertoak, eta zazpi hilabeteren ondoren, txertodromoa itxi dute, biztanleriaren %80 inguru txertatuta baitago dagoeneko, eta jada ez da beharrezkoa horren espazio handia erabiltzea. Gaur, hilaren 30ean, Illunbeko material guztia Atano III.a frontoira eramango dute, eta han jarraituko dute Donostialdeko ESIaren txertaketa prozesua, ostiraletik aurrera.
Donostiakoa izan zen Osakidetzak ireki zuen lehenengo txertodromoa, martxoaren 2an. Zazpi hilabetez egon da Donostiako eta inguruko herritarrak txertatzen, eta 430.000 dositik gora jarri dituzte guztira. 50 bat erizainek, 40 auxiliarrek eta 27 zeladorek osatu dute Illunbeko lantaldea, eta egunean 15.000 dosi jartzera iritsi dira. Hemendik aurrera, 600 bat dosi jarriko dituzte egunean, Atano III.a pilotalekuan.
Hedabide honek Illunbeko txertodromoaren funtzionamendua luze eta zabal aztertu zuen uztailean, eta erreportaje mamitsua ondu zuen.

