Mariaren Bihotzaren lursailari hirugarren sektoreko erabilera eman dio udalbatzak
Donostiako Udalak abuztuaren hasieran onartu zuen Groseko Mariaren Bihotzako eremuko lursailari dagokion hirigintza esparruko Hiri Antolamendurako Plan Berezia. Horren bidez, eremuari hirugarren sektoreko erabilera eman ahalko diote jabeek, klaretarrek, alegia. Hilabete beranduago, iraileko udalbatzarrera eraman du plana udal gobernuak, eta behin betiko onartu dute EAJren, PSE-EEren eta PPren aldeko botoekin. Kontra agertu dira EH Bildu eta Elkarrekin Donostia udal taldeak.
Mariaren Bihotzako eremuan “hotel bat” eraikiko dela salatu dute EH Bilduk eta Elkarrekin Donostiak, eta auzoak beste ekipamendu batzuen beharra duela. Nekane Arzallus Hirigintza zinegotziak bi udal taldeen kritikei aurre egin die: “Hasteko, Gros da ekipamendu gehien duen auzo, eta azterku ondoren ikusi genuen Grosek ez duela lursail horren beharrik. Gainera, lursaila pribatua da, eta publikoa izateko desjabetu beharko genuke. Legedia betetzen ari gara”.
Horrez gain, Arzallusek EH Bilduri egotzi dio bere garaian Parte Zaharreko Lasala plazan hotel bat egiteko lizentzia eman izana. Hirigintza zinegotziari erantzuteko aukerarik ez du izan udal taldeak osoko bilkuraren araudi aldaketak ez duelako horretarako aukerarik ematen.