Udal gobernuak osoko bilkuratik kanpo utzi ditu Arte Ederren, Txara I egoitzaren eta Firestone lantegiaren aferak
Hilabeteko udalbatzarra iraileko azken egunean egiten ari dira. Eguneko gai zerrendan sartzeko premiazko lau eskaera egin dituzte EH Bilduk eta Elkarrekin Donostiak. PPk eskaera horiek babestu ditu, baina udal gobernua osatzen duten EAJk eta PSE-EEk baztertu egin dituzte duten gehiengoa baliatuz. Hiru dira osoko bilkurara eraman dituzten premiazko gaiak: Arte Ederren eraikinaren birgaitzea, Txara I egoitzako irregulartasunak eta Firestone lantegitik kanporatu dituzten pertsonen egoera.
Aste honetan baieztatu du udalak, prentsaren bidez, Arte Ederren eraikina birgaitzeko lizentzia eman diola SADE jabeari. Horrek kritika ugari sortu ditu, eta Ancora elkarteak manifestazioa egingo du gaur arratsaldean (19:00). Gaia osoko bilkuran jorratzeko premiazkotasunaren alde egin dute oposizioko hiru udal taldeek, baina EAJren eta PSE-EEren ezezkoarekin topo egin dute. Jon Insaustik, jeltzaleen bozeramaileak, horrela arrazoitu du erabakia: “Ohikoa bihurtu da hilabetez hilabete, udalbatzarra egin bezperan gaiak erregistratzearena. Gai askok informazio eskati bati erantzun beharrean, debate mediatiko bat sortzea dute helburu. Gai hauek urte luzez erantzundakoak dira, eta beste batzuk beste erakunde batzuei dagokie”.
Beste bi gaiekin jarrera bera azaldu dute udal gobernuko bi alderdiek, eta nabarmendu dute “ez dela lekua eta momentua” aipaturiko gaiak osoko bilkuran eztabaidatzeko.