Altza apaintzeari ekingo diote asteburu honetan
Arte urbanoaren bidez hiriko auzoei balioa ematea du helburu egitasmoak. Altza Apain topaketetan horma-irudiak egiteaz gain, hitzaldiak eta tailerrak ere antolatu dituzte.
Maite Rosende artista Altzako horma margotzen, 'Altza Apain' egitasmoan. (Argazkia: Nerea Lizarralde) Duela hiru urte Loiola Apain izeneko arte topaketek izandako arrakastaren ondoren, Altzan antzeko esperientzia bat egingo dute. Zehazki, Altza Apain izeneko topaketa.
Casares-Tomasene Kultur Etxeak koordinatuko du, eta hormak margotzetik harago joan dira. Bigarren egitasmo honetako berrikuntza nagusiak bi izango dira: ekintza artistikoak aste bakarrean egingo dituzte eta arte urbanoari buruzko hitzaldi eta tailerrekin osatuko dute egitaraua. Bihar, arte urbanoaren inguruko hainbat hitzaldi izango dira. 10:30ean Mikel Arbizak Hiria mihise bat denean: skate-a esperientzia estetiko gisa hitzaldia eskainiko du, eta ondoren, Xabier Anunzibaien Horma-irudia eraikinaren ezaugarrietara egokituz hitzaldia izango da. 12:30ean, ordea, Tzesne & Amsia-k ikuskizun bat eta eztaibaida irekia eskainiko dute. Iganderako, berriz, horma margoketa irekiak eta partehartzaileak antolatu dira. 10:00etatik 19:00etara Zebra kolektiboaren eskutik horma margoketa irekia izango da. Ezagutza artistikorik ez duten pertsonentzako bideratua dago eta arropa erosoa edota zaharra eraman beharko da parte hartzeko.
Bestalde, 11:00etatik 19:00etara graffitigile amateurrentzako margotzeko espazioa irekiko da. Gaia librea izango da eta graffiti edo muralgintza munduan hasiberriak diren gazteek lehentasuna izango dute.

