Amara Berriko Eguna izango da urriaren 23a: auzotarrak biltzeko eguna
Auzoko hainbat eragilek eta elkartek euren burua aurkeztuko diete auzotarrei, Armeria plazan. Topagune moduko bat izango da, auzoko eragileen eta auzotarren arteko harreman sareak sortzeko.
Urriaren 23a egun berezia izango da Amara Berrin. Izan ere, Amara Berriko eguna ospatuko dute. Armeria plazan izango dira adin guztietarako jarduerak, 10:00etatik 14:00etara. Amara Berriko auzo mahaiak antolatu du eguna, eta helburua da auzotarrek auzoko elkarte eta eragileak ezagutzea. Elkarteek ere euren artean ezagutzeko aukera izango dute.
Armeria plazan hainbat gune jarriko dituzte, eta eragile bakoitzak berea izango du. Horrela, herritarrek gune horietara gerturatzeko aukera izango dute, eta elkarte edo eragile bakoitzaren lana ezagutu ahal izango dute. Topagune moduko bat izango dela adierazi dute antolatzaileek, auzotarrek eta auzoko elkarteek elkarrekin jardun eta harreman sareak sortzeko.
Elkarte ugariren egoitza Amara Berrin dago, baina auzoan jarduten duten elkarteak eta eragileak honakoak dira: Katalin Erauso ikastetxea, Ikasbide kultur elkartea, Amara Berri ikastetxeko gurasoen elkartea, Urrats euskaltegia, AEK euskaltegia, Amara Berriko auzo elkartea, Arcco merkatal gunea, zahar etxea, Easo Politeknikoa, Peñaflorida institutuko gurasoen elkartea, Amara Berri ikastetxea, Katalin Erausoko guraso elkartea, Ilunki elkartea, Superxagu jai batzordea, Berritsu euskara batzordea, Karmelo ikastetxea eta guraso elkartea, kaldereroen konpartsa eta auzoko gazte asanblada sortu berria. Eragile gehienak Amara Berriko egunean izango dira, baita Donostiako Udaleko Partaidetza sailekoak ere.
Informazioa emateko guneez gain, oholtza bat izango da Armeria plazan, eta denetariko kultur ekitaldiak eskainiko goizetik eguerdira bitarte: haurrentzako jolasak, txistulariak, musika kontzertuak eta Itxaso Piker bertsolariaren saioa.