"Realak eman zidan lehen mailan aritzeko aukera"
Amaiur Sarriegik (Aiete, 2000) irribarre egiteko arrazoi ugari ditu. Aurrelari gazteak bigarren urtea du Realean, eta ondo baino hobeto hasi du denboraldia; golak eginez. Txuri-urdinekin bi egin ditu –herenegun jokaturiko partida aintzat hartu gabe–, eta Espainiako selekzioarekin sei egin zituen bi partidatan. Lehen mailan hazten eta ikasten jarraitzeko gogotsu dago.
Futbolari gisa zure momentu hoberenetakoa bizitzen ari zara?
Denbora gutxi daramat hemen. Hau nire bigarren urtea da lehen mailan, eta egia da hasi nintzenetik orain arteko momenturik hoberena oraingoa dela. Azken batean, gustura sentitzen naiz; uste dut maila onean nagoela eta oraindik asko daukadala emateko. Baina, bai, uste dut hau dela momenturik onena.
Realeko jokalari garrantzitsuetako bat zara, eta Espainiako selekzioarekin bi partidatan sei gol egin berri dituzu. Espero zenuen horrelako maila ematea?
Egia esan, ez nuen espero horrenbeste gol sartzea. Egia da ere aurkariak ez zirela beste munduko ezer, baina egia da ere ez dagoela beste jokalaririk horrenbeste golekin. Orduan, pozik nago, baina egindako golekin baino, izan nituen sentsazioekin nago gustura. Azken batean, aurreko deialdia nire lehen aldia izan zen, eta azken deialdian hobeto sentitu nintzen. Gol asko jokaldian egindakoak dira, pase eta erdiraketen bidez. Entrenatzen ere sentsazio askoz hobeak izan ditut, eta ni horrekin gelditzen naiz. Egia da oso emaitza zaleak garela, eta beti estatistikei begira gaudela gol kopuruari erreparatuz. Aurrelariei hori eskatzen zaielako. Gero eta hobeto sentitzen naiz selekzioan, eta uste dut hori dela jarraitu behar dudan bidea, hurrengo deialdietan egoteko.
Erdilari gisa katalogatu zaituzte maiz, baina aurrelaria zara, ezta?
Uste dut erdilaritzat nautela hegaleko jokalariei askotan erdilari deitzen dietelako. Nik, ordea, aurrelaritzat dut neure burua, nahiz eta hegaletan jokatu. Partidetan momentu askotan ezkerretik aritzen naiz, eta duela gutxi jokaturiko partida batean aurrean jokatzen bukatu nuen.
Orain arte hiru partida irabazi dituzue. Zeintzuk izan dira sentsazioak?
Onak izan dira emaitza eta joko aldetik. Uste dut jakin dugula partidak aurrera eramaten. Valentzia eta Sevilla nire ustez ez dira ondo ibiliko denboraldi honetan, baina Athletici San Mamesen irabaztea, meritu handikoa da. Are gehiago, hitz egin den guztiarengatik. Urte hasieran inork ez zuen esango etxetik kanpo Athleticen kontrako euskal derbia irabaziko genuenik. Hasiera polita izaten ari da, esan bezala, emaitza eta joko aldetik ondo gaudelako. Baina ez da hasiera erraza izan. Min hartuta jokalari asko izan ditugu, COVID-19 positibo kasuak izan ditugu eta uste dut jakin dugula aurrera eramaten egoera. Hiru garaipen lortzea hiru partidatan oso positiboa da.
Garaipenen artetik San Mamesen jokaturikoa da esanguratsuena. Batetik, lehen derbia zelako han jokatzen zena, eta, bestetik, irabazi egin zenutelako. Zuretzat partida are bereziagoa izan zen zure iragan zuri-gorriarengatik?
Egia da niretzat partida berezia izan zela. Nire hazkunde prozesua han eman nuen, nolabait, eta nik Athleticekin eta Athletic osatzen duten jokalari zein teknikariekin harreman oso ona daukat, eta oso eskertua nago. Nik ez dut sekula hitz txarrik esango Athleticez. Oso oroitzapen onak ditut. Lagun asko egin nituen, gaur egun mantentzen ditudanak. Uste dut hori dela futbolaren esentzia, partida bukatzean arerioa laguna ere badela. Noski, partidak iraun bitartean lagunik ez dago, eta derbi batean gutxiago. Baina uste dut hori dela futbolaren alde polit bat.
Taldeari dagokionez, esango nuke orokorrean partida oso ona egin zuela. Ez ginen ondo COVID-19aren ondorioengatik. Sentsazioak ez ziren guztiz onak. Partidan zehar ez genuen joko garbia erakutsi. Nahiko trabatua izan zen, falta askorekin. Egia da derbiak ez direla joko aldetik garbiak izaten, baina jakin behar da joko horretan jokatzen. Lehengo urtearekin alderatuta, jakin genuen heldutasun puntu hori izaten. 75. minututik aurrera ez genuen erasoan ezer egin, baina partida irabazi genuen. Taldeak defentsan sekulako lana egin zuen, eta horrek meritua dauka. Joko aberatsa eskaini gabe, hiru puntuak eskuratu genituen, San Mamesen eta Athleticen aurka.
Emaitzak ikusita ez dirudi Reala asko aldatu denik, maila onean jarraitzen duzuelako. Halere, jakina da taldea asko aldatu dela. Hamar jokalarik ez jarraitzea erabaki zuten, taldearen ia erdiak. Zuk nola bizi izan duzu gertaturikoa?
Naturaltasunez. Hau futbola da. Bakoitza bere erabakiak hartzeko ahalmena dauka, eta bakoitzak erabakitzen du hartu nahi duen bidea. Askok erabaki zuten beste bide bat hautatzea, eta iritziak desberdinak izango dira. Batzuek ondo ikusiko dute, eta beste batzuek gaizki. Dena dela, uste dut errespetagarria dela norberak bere etorkizuna aukeratzea. Hortik aurrera, geratu garenak eta etorri direnak saiatzen gara orainean zentratzen. Gaur da, orain da eta etorriko dena da. Hor jartzen dugu fokua. Iraganean pasa diren gauzetan ibiltzea eta burua hor jartzea niretzat ez da garrantzitsuena.
Horregatik, uste dut aurten oso ondo egin dugula hori ere. Saiatu gara kanpotik etorri direnak ahalik eta ondoen hartzen. Gelditu garenak ahalegindu gara sendotasuna ematen taldeari, eta hemengo nortasuna erakusten etorri direnei. Uste dut lortu dugula finkotasun hori, talde sendo bat sortzea nortasunaren inguruan. Hori oso garrantzitsua da. Hortik aurrera, pena gehiago edo gutxiago emango digu, jokalari asko lagunak zirelako, eta beste bide bat aukeratu dutelako. Baina, esan bezala, dena da errespetagarria, eta, noski, hoberena opa diet pertsonalki eta profesionalki, gure kontra jokatzen dutenean izan ezik.
Zure ustez hamar jokalarien agurrak eragindako zuloa ondo estali da?
Esango nuke baietz, eta uste dut gauza guztien gehiketa bat dela. Kanpotik etorritakoek asko emango digute, eta hemen geundenok aurrerapausoa eman dugu. Azken batean, jokalari batzuk joatean beste batzuek eman behar dute pausoa. Uste dut talde honetan hori gertatu dela, gertatu behar zelako. Egoerak hori eskatu duelako. Faktore horien guztien batuketa bat da. Egia da ere bigarren taldeko jokalariek asko ematen digutela. Zelaian oraindik ez da asko ikusi, ez dutelako aukera askorik izan. Baina aukera eman zaienean oso ondo egin dute. Gainera, entrenamenduetako maila asko igotzen dute, gogotsu daudelako.
Nahikari Garciaren hutsunea nabarmentzekoa da, eta hainbatek idatzi dute zu zarela haren ordezkoa Realean. Ados zaude horrekin?
Askotan esan didate hori, baina nik ez dut horrela ikusten. Jokalari bakoitza desberdina da. Ni Amaiur naiz, eta bera Nahikari da. Egia da biak aurrelariak garela, biok zelaian aritzeko modu antzekoa dugula eta postu berean aritzen garela. Nahikari erreferente bat izan da hemen. Emakumezkoen Reala berehala lotzen dute askok Nahikarirekin. Jokalari garrantzitsu batek uztean hutsune bat sortzen da, eta normalean hutsune hori betetzen saiatzen da jendea. Kasu honetan, ni ere aurrelaria naiz, hemengoa naiz, jokalari gisa Nahikari eta biok antzeko nortasuna dugu, eta horregatik uste dut lotzen gaituztela. Halere, ez dut uste bere ordezkoa izan behar naizenik. Ni ez naiz inoren ordezko izateko etorri. Nik ere nire bide propioa egin dut eta bide hori egiten jarraitu nahi dut. Ez da konparaketarik egin behar, ez da inorentzat positiboa.
Dena dela, Nahikari joateak mesede egin dizu?
Bai. Pasa den denboraldian asko ikasi nuen bere alboan, eta asko eskertzen diot. Baina azken finean jokalari bat gutxiago da hamaikakoa osatzeko. Orduan beti izango da aukera bat niretzako, ez Nahikari delako, baizik eta jokalari bat gutxiago delako.
Beste izen propio bat Natalia Arroyo entrenatzailea da. Zer nolako harremana duzu berarekin?
Harreman ona daukat berarekin. Ez daukat inolako arazorik. Egia da asko hitz egin dela entrenatzaileez, batez ere gauzak zailtzen direnean. Harreman ona dugu orokorrean berarekin, berak gauzak argi esan eta proposatzen dituelako. Joko aldetik berak eta guk argi dugu zer nahi duen, eta zer eskatzen digun. Denok joan behar dugu elkarrekin ontzi berean, denok egin behar dugu norabide berean arraun.
Realak traba askorekin egin du topo azkenaldian. Jokalari garrantzitsuek joatea erabaki ondoren, COVID-19ak taldearen dinamika kaltetu du, eta berriki Cecilia Marcosek lesio larria izan du. Hori dena aintzat hartuta, zer nolako irakurketa egiten duzu?
Traba asko ditugu, izan ditugu eta izango ditugu. Horien aurrean sendo mantendu behar gara. Futbolean gertatzen diren gauzak dira. Hasiera honetan jakin dugu aurre egiten oztopoei, baina denboraldia oso luzea da. Hiru partida bakarrik jokatu ditugu, eta agian aurkariak ez dira barometro egokiena jakiteko zein den gure benetako maila, baina traba guztiei aurre egin die taldeak.
Egin dezagun atzera, ondoren aurrera begira jartzeko. Futbolean jokatzen non hasi zinen?
Axularren eskola kirola egin nuen, eta gero Añorgara pasa nintzen futbol eskolara. Hasieran mutilekin aritzen nintzen bakarrik, beste bi neskekin. Normalean ni aritzen nintzen mutilekin. Emakumezkoen ligetan ere aritu nintzen Añorgarekin. Urte pare bat egin nituen estatu mailako ligan, eta hortik Athleticen bigarren taldera joan nintzen hamasei urterekin. Hiru urte eman nituen Bilbon, eta azken urtean debuta egin nuen lehen taldearekin lehen mailan. Dena dela, ez nituen aukera asko izan. Lau partida jokatu nituen lehen taldearekin, baina guztiak aulkitik aterata. Lehen mailako debuta Lezaman egin nuen Athleticekin Betisen aurka. Bitxia da ere Anoetan jokatu zen euskal derbirako deialdian nengoela, hegalean beroketak egin nituen, baina ez nintzen zelaira atera.
Golik egin zenuen lehen mailan Athleticekin?
Ez, Realarekin egin nuen aurrenekoa, pasa den sasoian Deportivoren aurka.
Zergatik erabaki zenuen Athletic utzi eta Donostiara etortzea?
Athleticek ez zidalako lehen mailako fitxa egin nahi. Esan zidaten deialdi batzuetan sartuko nintzela eta lehen taldearekin entrenamenduak egingo nituela. Baina hori ez zen nahi nuena. Realak eman zidan lehen mailan aritzeko aukera. Realari eskerrak eman nahi dizkiot aukera horrengatik. Konfiantza eman zidaten. Soilik lau partida jokatu nituen lehen mailan, baina egia da Athleticen bigarren taldearekin jokatu nuen azken denboraldia ona izan zela. Nire alde apustu egitea erabaki zuen Realak, lehen mailan jokatzeko. Onerako harritu ninduen.
Etxera bueltatzea izan zen. Ni donostiarra izanda, hemen dauzkat familia eta lagunak. Bilbo gertu dagoela esan ohi da, baina joan egin behar da. Hamasei urte nituen eta ikasketak egiten ari nintzen. Orain hemen oso gustura nago, aukera dudalako arratsaldetan lagunekin elkartzeko. Donostian paseo bat eman dezaket. Oso donostiarra naiz. Asko gustatzen zait nire hiria, Kontxatik eta Antiguatik ibiltzea.
Bilbon Deustuko unibertsitatean egiten nituen ikasketak. Hori ere arazo bat zen niretzat. Bigarren taldean jokatzen nuenean, arratsaldez entrenatzen nuen eta goizetan joaten nintzen klaseetara. Baina lehen taldekoekin aritzeko deitzen nindutenean, goizetan ziren entrenamenduak eta klase asko galtzen nituen. Beste urtebete horrela jarraitzeak ez zidan oreka pertsonalik ematen. Neure burua lehen mailako talde batean ikusten nuen, Athleticen, baina oreka bat behar nuelako ikasketen alorrean. Ezin nuen bigarren mailako fitxa izan eta astero entrenatzen. Deustun klaseetara joan behar zara, bestela ez dizutelako aukerarik ematen azterketetara aurkezteko. Beste faktore bat izan zen Realera joateko. Hemen goizetan entrenatzen dugu eta klaseak Internet bidez ditut orain. Deustun lehen hezkuntza eta gorputz hezkuntza ikasten nituen, eta orain soilik lehen hezkuntza ikasten ari naiz.
Denboraldi honetako helburuak zeintzuk dira?
Helburu pertsonalari dagokionez, nire bertsio hobe bat erakustea. Pasa den urteari begira aurrerapausoa eman nahi dut, nire errendimenduan islatu dadin. Indibidualki ondo bagaude kolektiboari ere eragingo dio, eta alderantziz gauza bera. Bideaz eta urteaz ere gozatu nahi dut. Ikasteko eta gozatzeko urtea da. Momentu onak egongo dira, orain bezala, eta txarrak ere etorriko dira. Horietaz ikasi nahi dut hazkunde hori izateko, bai pertsonalki eta profesionalki.
Talde gisa, askotan aipatu dut. Realaren parte izateagatik uste dut exijentzia maila bat dugula. Lehiatzea da helburua, eta garaipenaren bila joatea partida guztietan. Ahalik eta goren begiratu nahi dugu. Realak talde polita dauka lehen seiren artean egoteko, eta saiatu behar gara ahalik eta goren bukatzen. Hori partida guztiak lehiatzetik dator, eta hori bilatu behar dugu.
Realaren poztasun iturri bihurtu da kopa, neskentzat eta mutilentzat. Bada sasoiko helburuetako bat gutxienez finalera iristea?
Ligan gora begira egon nahi dugu, baina gauzak gaizki joan daitezke. Liga zailagoa da, eta urtez urte zailagoa bihurtzen ari da. Egia da kopak aukera ematen dizula bakarrik horretan zentratzeko beste lehiaketa bat delako. Lehia desberdina da, eta guk ikusten dugu final four horretan egon behar dugula.